Ziortza-bolibartarrek Muxo inguruko basoak berreskuratzeari ekingo diote domekan
Domekan [urtarrilak 25], Lurgaia Fundazioarekin batera, baso landaketa egingo dute Muxo inguruan, Jaio errekaren ondoan. 09:30ean elkartuko dira plazan; izena emateko eskatu dute.
Ziortza-Bolibarko Udalak eta herriko taldeek indarrak batu dituzte Lurgaia Fundazioarekin, eta baso landaketa egingo dute domekan [urtarrilak 25], Muxo inguruko basoetan.
Izan ere, Muxo ingurua berreskuratzeko lanetan ari dira, Jaio errekaren ondoan, inguruaren konektibitate ekologikoa hobetzeko asmoz. 09:30ean elkartuko dira plazan, eta handik Ziarregiko Martei ingurura igoko dira ahalik eta kotxe gutxien erabiliz. Bertan 13:00 ingurura arte ariko dira landaketa lanetan, eta ostean Ziarregiko Irubide elkartean mokadutxoa eskainiko dute.
Landaketa aurrera eroan eta baso autoktonoak berreskuratzeko, Lurgaia Fundazioak Muxo inguruko zazpi hektarea baino gehiago erosi ditu. Lursaila Munitibar, Aulesti eta Ziortza-Bolibarrek muga egiten duten tokian dago, eta gehiena Ziortza-Bolibarren kokatuta dagoen arren, zati txiki bat Munitibarreko lurrena da. Hala, antolatzaileek bertaratzeko deia egin diete herritarrei: “Udalaren, herriko taldeen, inguruko laguntzaileen eta auzolanari esker, zazpi hektarea baso berreskuratzen lagundu dezakegu. Anima zaitezte gurekin!”.
Ura, galtza luzeak, mendiko botak edo katiuskak eta uretako arropa edo aterkia eroateko gomendatu dute. Era berean, Lurgaiaren webgunetik izena emateko eskatu dute, antolaketa nahiz landaketarako tresnak prestatzeko.
Aurrerapausuak. Udala, herritarrekin nahiz Eusko Jaurlaritza bezalako erakundeekin elkarlanean, “pauso txikiak baina etengabekoak” ematen ari da basoak berreskuratzeko eta trantsizio ekosozialerako bidean. Bide horretatik, jakinarazi dutenez, udalak 2023an erositako baso lurrak berreskuratzeagatik falta zen dirulaguntzaren herena jaso du: 23.000 euro. “Berandu jaso badugu ere, honek aurrerantzean bide honetan lanean jarraitzeko aukera ematen digu”, adierazi du Andoni Lariz herriko alkateak.
Gaineratu dutenez, baso lur berriak berreskuratzeko beste dirulaguntza bat jasoko dute Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren eskutik. 40.000 euro jasoko dituzte —eskatutako guztia— 2024an Arimen Gaztainadi ondoan (Munitxei baserritik hurbil) udalak erositako sei hektarearen truke, eta udalak beste 11.000 euro ipini beharko ditu. Adierazi dutenez, negu hau aprobetxatuko dute landaketarekin hasteko.
Hala, bide horretan aurrera jarraitzeko asmo sendoa adierazi eta denen laguntza beharrezkoa dela nabarmendu dute: “Guztion eskua behar dugu klima larrialdiari aurre egiteko, herrian lur ona berreskuratzeko. Egiten dugun gauza txiki bakoitza etorkizunerako baliagarria izango da”.