"Lumatzak-en bilakaeragaz batera egin dugu guk geuk ere gure trantsizioa"
Haitz Urruzuno, Inar Eizagirre eta Maddi Badiolak osatutako Lumatzak MJ hirukoteak 2023an hasi zuen bere ibilbidea musika jartzaile gisa. Hastapenetatik "erabat politizatu" duten espazioa dela diote, eta "probokazioa" borrokarako tresna gisa ulertzen dute.
Maddi Badiola, Haitz Urruzuno eta Inar Eizagirre. Ainhoa Garalde (Gaorstudio). Artakako oihal akrobazietatik gaztetxe eta herriko plazetako oholtzetara egin zuten jauzia Haitz Urruzunok, Inar Eizagirrek eta Maddi Badiolak. Lumatzak MJ izenpean, Euskal Herriko oholtza ezberdinak igaro dituzte, eszenatokira igo bakoitzean lehen lerroan dauden marika, bollera, trans eta txoniei parrandarako espazio segurua eskainiz. Gaur gaurkoz, hiru urteko ibilbidea badute ere, txikitatik elkarrekin hazi da hirukotea, eta zahartzaroa ere horrela imajinatzen dute: lehoinabar txaketa soinean eta hirurak batera oholtza gainean.
Nola definituko zenukete Lumatzak?
Haitz Urruzuno: Muturreraino eramaten ditugu borroka eta parranda, biak elkarrekin uztartuz. Parrandan guri ikustea gustatuko litzaigukeena da oholtza gainean egiten duguna. Musika jartzea, showa eta politika uztartzen ditugu, oholtza esperientzia kolektibo bihurtzeko.
Inar Eizagirre: Ez da soilik musika jartzea; bizitzea eta biziaraztea da, Lumatzak experience deitzen diogu guk. Hastapenetatik erabat politizatu dugun espazioa da Lumatzak. Jartzen dugun musikatik hasi eta oholtza hartzeko modura arte. Ipintzen dugun musikaren gehiengoa artista kontrakulturalen abestiak dira. Horrez gain, argi utzi nahi dugu subjektu konkretu batzuentzako egiten dugula egiten duguna, eta nola ez, baita beste subjektu batzuk deseroso jartzeko ere. Deserosotasunetik eta probokaziotik ere borrokatu daiteke, eta Lumatzak-ek oso ondo funtzionatzen du zentzu horretan: intimidazioa eragin, probokatu eta eroso ez sentitzea eragin. Probokazioa, askok, sexualizatu egiten dute, ze, jendearentzat hiru puta gara eszenario gainean, eta bagara, baina guk esaten dugulako, ez gizon zisheteroek esaten dutelako. Ez dugu beraientzako dantzatzen, argi izan dezatela.
Maddi Badiola: Publikoa gurekin batera zoratzea nahi dugu. Nahi dugun giroa sortzen saiatzen gara, eta horretarako, nahi dugun bezala hartzen dugu oholtza.
Txikitatik zarete lagunak, noiz hasi zineten Lumatzak gisa oholtza hartzen?
M.B: Umeak ginenean, Artakako oihal akrobazietako klaseetan genbiltzan, eta han sortu zen Lumatzak, bertan egiten baikenituen lehenengo showak. Lumatzak izenpean 2023ko maiatzean jarri genuen musika lehenengo aldiz, EH Bilduko gazte agerraldi batean, Kalekutzeko eskaileretan, kar-kar-kar.
I.E: Musika jartzeko norbait falta zen eta guri galdetu ziguten. Ibilaldiaren aurreko eguna izan zela gogoratzen dut.
H.U: Inarren etxera joan ginen Inar eta biok, arropak aukeratzera. Alde Zaharrera bidean aukeratu genuen izena: Lumatzak. Maddiri esan genion, eta segituan batu zen proiektura. Hala ere, guretzat Lumatzak-en urteurrena Zapato Azula da, 2023an bertan egin genuelako lehenengo showa. Hasieratik amaierara geneukan prestatuta.
Eszenatokira igotzea politika egiteko modu bat da, jakina.
I.E: Zalantzarik gabe. Begira ze hiru identitate batzen garen oholtza gainean!
M.B: Bai, eta gure burua benetan ezagutzeko bide bat izan da Lumatzak, barne ezagutza prozesu bat izan da. Sortu genuenetik, gure identitatea eraikitzen joan gara, gutxinaka-gutxinaka.
Lumatzak-ek oso ondo funtzionatzen du probokatu, eta eroso ez sentitzea eragiten.
Lumatzak-en oholtza hartzeko modua eraldatu egin al da?
H.U: Lehenengo emanaldiko argazkiak ikustea besterik ez dago bilakaeraz jabetzeko.
I.E: Eta barne ezagutza hori, modu batera edo bestera, publiko egin dugu. Ze, oholtza baten gainean zaude, momentu oro. Eta, gainera, emanaldi bakoitzetik bestera, gehiago eramaten dugu muturrera guztia. Emanaldi bakoitzean pauso bat aurrera egiten dugu. Izan ere, Lumatzak-en bilakaerarekin batera egin dugu guk geuk ere gure trantsizioa
Beharrezkoa al da eszenatoki azpian sare bat izatea?
I.E: Guretzat oso garrantzitsua da, ze, lehenengo lerroko publikoak baldintzatuko ditu beti gure showak. Ez da hainbeste zenbat pertsona dauden; egin izan ditugu emanaldiak gaztetxe oso baten soilik zazpi bollerarekin.
M.B: Jendeak daukan jarrerak ere eragin handia dauka. Lehenengo lerrokoen jarrerek baldintzatuko dute Lumatzak-ek funtzionatuko duen edo ez. Sexu-genero disidenteen ametsetako erosotasuna bilatzea da gure helburua, eta hori ez badugu lortzen, guretzat frustragarria izan daiteke.
H.U: Publikoarekin harreman zuzenik ez badago, Lumatzak-ek ez du gozatzen.
Bide horretatik, zein da zuen publikoa?
I.E: Sexu-genero disidenteak, nola ez; beti daude lehen lerroan gure marika, bollera, trans, txoni eta neska hetera zoroak. Beraiek dira gure publikoa.
Disko batekin imajinatzen dugu gure burua; musika egiten hasi nahi dugu.
Zuen arteko konplizitatea, konfiantza eta zaintza, garrantzitsuak dira eszenatokira igotzeko momentuan?
I.E: Behar-beharrezkoak dira. Ez dut imajinatzen Lumatzak Maddi eta Haitz ez diren beste inorekin.
H.U: Asko igartzen da, adibidez, hirurok oholtza gainean egon eta bat komunera joaten denean eta bestea trago bila. Eszenatokian bakarrik gelditzen denarentzat ez da erraza; eszenatoki oso bat bakarrik bete behar baitu.
M.B: Batzuetan ondo eraman genezake, baina, normalean, elkar behar dugu, elkarren sostengua baikara. Txikitatik gaude elkarrekin, eta daukagun konfiantza oso handia da. Bilakaera artistikoa batera eman dugu.
Hastapenetatik hona, erreferenterik izan al duzue?
H.U: Labar, La Fulana eta Samantha Hudson esango genituzke, bakoitza modu ezberdinean. Artista euskaldun trans gehiago behar ditugu oholtza gainean. Gaur egun, oso normatiboa da dena: profil konkretu batzuk gauza konkretu batzuk egiten ari dira.
I.E: Euskal musika eszenan aldaketa bat eman behar da, batez ere, euskal musika urbanoan. Labar da euskal musika urbanoa transfeminismotik egiten duen artista bakarrenetakoa.
Aurrera begira, nola irudikatzen duzue Lumatzaken etorkizuna?
H.U: Disko batekin imajinatzen dugu gure burua; musika egiten hasi nahi dugu.
I.E: Hala ere, gaur egun ere, Lumatzak musika jartzaile hutsak baino gehiago da. Ez ditugu masak mugituko, baina bai, ordea, gaztetxeak eta plazak.
M.B: Nik imajinatzen dut gure burua zaharrak garenean Lumatzak izaten, leopardozko txaketa batekin oholtza gainean.