"Giro ona" egon da urtarrilaren 31ra begira egindako ekintzetan
Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS-k zenbait ekintza egin ditu eskualdeko gazteei urtarrilaren 31ko mobilizaziora joateko deia egiteko, eta "gazte ugari" elkartu direla adierazi dute.
Ondarroan bertso poteoan elkartu ziren.Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS Gazte Koordinadora Sozialistako kideak Bilbon eta Iruñean elkartuko dira urtarrilaren 31n Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka lelopean mobilizatzeko asmoz, eta horren harira zenbait ekintza antolatu ditu Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS-k. Hala, zapatuan [urtarrilak 24] Mutriku eta Ondarroa izan zuten elkargune, eta “gazte ugari” bertaratu ziren ekintzetan parte hartzera.
Mutrikun Xabi-Paredes eta Zuhaitz-Aitor bikoteen arteko pala partidarekin eman zieten hasiera egunari, eta ostean kuadrilen arteko desafioa egin zuten: “Zuhaitzek eta Aitorrek irabazi zuten pala desafioa, eta Patxetako Lokalak, kuadrilen arteko desafioa”. Ondarroan, ostera, bertso poteoan elkartu ziren Alexander Idoeta, Janire Arrizabalaga eta Bittor Altube bertsolariekin. Eguna amaitzeko, bi herrietako gaztetxeetan DJ-ek girotu zuten gaua: “Giro ona sortu zen eta faxismoaren aurkako aldarriak zabaldu genituen kaleetan zehar”.

Mutrikun pala partidak eta gazte lokalen arteko desafioak egin zituzten.Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS
Hala, lau egun baino ez dira geratzen urtarrilaren 31ko mobilizaziorako, eta horietara joateko deia egin dute Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS-ko kideek: “Joan den zapatuko egitarauek azken hilabeteetan zehar egin ditugun beste hainbat ekintza eta egitaraurekin batera, herriko gazte zein langileak politizatu, antolatu eta bizitzen ari garen testuinguru arriskutsu honen aurrean mobilizatzera deitzeko helburua daukate. Ezinbestekoa da faxismoaren eta autoritarismoaren aurrean euste horma bat eraikitziea Euskal Herrian eta kaleak hartzea horretarako”.

Ondarroan bertso poteoan elkartu ziren.Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS