Lesioak baldintzatu du etxeko gerrikoa lortzeko Ibai Arantzamendiren borroka
400 ikusle baino gehiagogaz, Basque Warriors gerrikoen lehiak markatu du Markina-Xemeingo boxeo gaua. Ibai Arantzamendi markina-xemeindarra garaipen gosez zegoen arren, sorbalda aterata ezin izan du borrokan jarraitu. Carlos Barbosa herritarrak, ostera, Basque Warriors gerrikoa etxeratzea lortu du.
Boxeoaz gozatzeko aukera eskaini zuten zapatuan [urtarrilak 24] Markina-Xemeinen Lions Fight Klub-eko kideek, eta kirol ikuspegitik, egunaren balorazio positiboa egin dute: “Pozik gaude Markina-Xemeinen borroka amateur nahiz neo profesionalekin maila handiko boxeo gau bat antolatzea lortu dugulako. Pozik gaude, era berean, herriko nahiz inguruko boxeolariek ringean aritzeko aukera eduki dutelako”.
Basque Warriors gerrikoa lortzeko lehia izan zen eguneko puntu gorenetako bat. Ibai Arantzamendi markina-xemeindarrak etxean borrokatu eta jokoan zeuden hiru gerrikoetako bat lortzeko aukera eduki zuten, baina ez zuen zortea aldeko izan: “Konbatea hasi eta gutxira sorbalda atera zitzaion, eta Luis Mugika medikuaren esku-hartze azkarrari eta Gurutze Gorriari esker gertatutakoa susto hutsean geratu bazen ere, ezin izan zuen borrokatzen jarraitu”. Hala, malko artean, eskerrak eman zizkien frontoia bertaratutako herrikideei, lagunei eta senideei.
Carlos Barbosa markina-xemeindarrak, ostera, maila handiko borroka eskaintzeko aukera eduki zuen. Juan Blanque nafarraren aurka aritu zen, eta Basque Warriors gerrikoa lortzeko ahalegin handia egin behar izan bazuen ere, garaipena eskuratuta itzuli zen etxera: “Barbosak aurkari sendoa eduki zuen, eta dena eman behar izan zuen borroka irabazteko”.

Hirugarren gerrikoaren lehian Ander Blancok nagusitasunez irabazi zion Mohammed Tayebiri. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurkarian une bakar batean ere amore eman ez zuen arren, Blancok borroka osoan zehar erakutsi zuen erritmoa eta intentsitatea erabakigarriak izan ziren azken emaitzan.
Gerrikoez gain, beste hamar borroka ikusteko aukera egon zen, eta Elkar Sport Markina-Xemeingo klubeko boxeolariek etxean lehiatzeko aukera eduki zuten. Hala, honakoak izan ziren emaitzak: Paul Urienek irabazi zuen Ruben Bravoren aurka; Dani Mihaik Mohammed Rebroud (Elkar Sports) menderatu zuen; Jeremy Arroiabek galdu egin zuen Alex Bunescuren aurka; Manex Apeztegiak garaipena lortu zuen Mariusi irabazita; Ernan Dominguezek (Elkar Sports) ezin izan zuen Ibai Duandikoetxea menderatu; eta Asier Sanvicentek Edu Azkonari irabazi zion.
Erantzun ona. Ikusleen erantzuna ontzat jo dute antolatzaileek: “400 pertsona baino zertxobait gehiago sartu ziren frontoian, eta Markina-Xemeinen antolatzen dugun lehenengo aldia izateko pozik gaude erantzunarekin. Gainera, autobusak ere antolatu ziren beste zenbait herritatik, esaterako, Irungo Resiliens Clubeko kideek euren afizioa ekarri zuten”.
Antolatzaileak zaleen babesagaz eskertuta agertu diren arren, erakundeen aldetik “laguntza gutxi” jaso dutela adierazi dute: “Oztopoen edo laguntza ezaren aurrean ekitaldiarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen, baina bigarrenez Markina-Xemeinen halako ekitaldi bat antolatzeko baldintzak aldatu beharko dira”.