260.000 euroko igoeragaz, Etxebarriak 1,87 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an
Jesus Iriondo alkateak azaldu duenez, bi izango dira urteko inbertsio handiak: eskola guneko urbanizazioa eta Erbera kalea oinezkoentzako egitea. Bestalde, lege berrietara egokitzeko asmoz, hondakinen arloan %50eko igoera egin dute.
Erbera kalea oinezkoentzako egiten hasiko dira. EAJren aldeko lau botorekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, Etxebarriko Udalak 1.876.000 euroko aurrekontua onartu du 2026rako. Iaz baino 260.000 euro gehiagogaz -2025ean 1.613.000 euroko aurrekontua onartu zuten-, Jesus Iriondo Etxebarriko alkatearen esanetan aurrekontu “oso posibilistak” dituzte esku artean.
Iriondok adierazi duenez, aurrekontuek %16,3ko igoera eduki izanaren arrazoia hondakinen arloan egin duten igoera izan da: “Ikusita sistema berria aurten ipiniko dela martxan, eta legearen arabera hondakinen gastu guztia erabiltzaileen ardura izan behar denez, hondakinen arloan %50eko igoera egin dugu”. Ildo beretik, autokonposta egiteko beharrezko elementuak erosteko 30.000 euro bideratuko dituzte.
Bestalde, zerbitzu eta proiektu berri bana ere ipini dituzte martxan, bakoitza 15.000 euroko diru partidagaz. Alde batetik, kirol zerbitzu bat gehitu dute: “Osasunera begirako orientazioa izango da. Astean pertsona bat egongo da, eta aurten zelan funtzionatzen ikusi nahi dugu”. Bestalde, herriko eraikin hutsen edo hutsik geratuko direnen azterketa egingo dute, aurrerantzean eman beharreko pausuak adosteko.
60.000 euro bideratuko dituzte, ostera, energia planerako: “Oraintsu aritu gara zenbait aldaketa egiten, esaterako, aerotermia ipintzen, eta horri jarraipena emango diogu. Bestalde, klima arloan, poligonoaren eta herriaren arteko inpaktu bisuala hobetzeko helburuz, zenbait zuhaitz landatu eta bestelako zenbait ekintza egingo ditugu”.
Jesus Iriondo: “Zenbaki oso errealak dira. Hainbat urtetan tiraka ibili garen zenbait proiektu eroango ditugu aurrera, eta horrek herriari bultzada handia emango dio.”
Bi izango dira, ostera, urteko inbertsio handiak: eskola guneko urbanizazioa eta Erbera kalea oinezkoentzako egitea. Bi biak datorren urtean amaituko dituzten proiektuak izango dira. Hala, eskola gunea urbanizatzeko 200.000 euro bideratuko dituzte: “Eskola egiten oraintxe hasiko dira, eta lanek 18 hilabete irautea aurreikusten dugu, beraz, ezinbestekoa izan da inbertsio hau orain egitea”. Bideen konponketarako, ostera, 116.000 euro bideratuko dituzte, eta hortik zatirik handiena Erbera kalea oinezkoentzako egiteko erabiliko dute: “Ibaun-erdiko lanak iaz egin genituen, eta aurten haren jarraipena egin eta Altzibarri Ibaunera irteera emango diogu, Barinagara joateko bideko zatira. Gero, Altzibarreko barruko zatia estrukturatuko dugu”.
Sailez sail. Gainerako sailei dagokienez, euskara saileko ekintzak egiteko 8.000 euro bideratuko dituzte, eta beste horrenbeste, berdintasun saileko ekintzetarako. Jaietarako, ostera, 104.000 euro bideratuko dituzte, eta mantenimendu lanetarako, 80.000 euro.
Herriko kultur nahiz kirol talde eta eragileen artean, ostera, 97.700 euro banatuko dituzte. Iriondok azaldu duenez, partidarik handiena Amets Elkartearentzat izango da: “Iaz 10.000 euro jaso zituzten, eta aurten 10.000 eta 15.000 euro artean bideratuko ditugu elkartera, izan ere, gastuak igo egin dira. Hilabetero ekintza bat egiten dute herriko gaztetxoekin, eta garrantzitsua iruditzen zaigu hori bultzatzea. Izan ere, elkartearen helburua herriko gaztetxoen herri sentimendua mantentzea da”.
Alkateak ondo baloratu ditu aurtengo aurrekontuak, eta aurrera eroango dituzten ekintzek “herriari bultzada” emango diotela uste du: “Zenbaki oso errealak dira. Hainbat urtetan tiraka ibili garen zenbait proiektu eroango ditugu aurrera, eta horrek herriari bultzada handia emango dio. Eskola egiten joango da, eta baita bertako urbanizazioak ere, eta Erbera kalea ere oinezkoa izatetik gertuago egongo da. Proiektu bat pentsatzen hasten denetik martxan ipintzen denera denbora asko pasatzen da, baina oraingoan amaiera ikusten diogu. Gainera, bidegorria eta saihesbidea ere martxan daude, eta horrek ere herriari beste puntu bat emango dio”.