'Aitatxo, isiltasuneko ahotsak' dokumentala eskualdera ailegatuko da
'Aitatxo, isiltasuneko ahotsak' dokumentalean seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzak jaso dituzte. Aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu, "gizarteak duen genero begirada apurtuz, ama gutxietsi gabe aitei hitza emanez eta esperantza mezu bat zabalduz".
Aitatxo, isiltasuneko ahotsak dokumentala eskainiko dute domekan [otsailak 1], 18:30ean, Mendibarren frontoian.
Lan horrek seme edota alaba baten galeraren dolua azaltzen du aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzaren bitartez, dokumental horrek aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Bakoitzak egoera horri nola aurre egin dion azaltzen da dokumentalean, “gizarteak duen genero begirada apurtuz, ama gutxietsi gabe aitei hitza emanez, eta esperantza mezu bat zabalduz”.
Dokumentala abenduan Gasteizen, Europa Jauregiko Francisco de Vitoria aretoan estreinatu zuten, Vivir con Voz Propia erakundeak doluaren inguruan antolatutako Gabonetako ekitaldian. Dokumentalaren zuzendariak eta sortzailea, Beñat Abasolo, Mikel Serrato Gil eta Anakotz Lasarte egon ziren bertan, eta euren hitzetan, “dokumentalak mugitu ditu barrenak, eragin ditu malkoak eta bete ditu bihotzak. Gordintasunean ederra. Biluztu dira protagonistak kameraren argi gorriaren aurrean. Askatu dituzte korapiloak eta eragin beste lotura asko”.
Markina-Xemeinen. Domeka honetan Berriatuara joan ezin dutenek, datorren astean eskualdean edukiko dute dokumentala ikusteko beste aukera bat. Otsailaren 8an (domeka), 18:00etatik aurrera, Markina-Xemeingo Esperantza Aretoan eskainiko dute.