Artedrama Euskal Laborategian parte hartzeko izen ematea zabaldu dute
Artedramak Arte eszenikoen plaza bihurtuko du Aulesti apirilaren 6tik 11ra artean. Sei irakaslek gidatuko dute aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleen topagunea.
Arte eszenikoak euskaraz jorratzen dituen Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL) aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleen topagune bihurtuko du Aulesti apirilaren 6tik 11ra bitartean. Artedramak zabaldu du dagoeneko 2026ko izen ematea: ikastaro guztiak euskaraz izango dira eta matrikula 500 eurokoa izango da, lotako lekua eta otorduak barne. Hala, guztira 48 orduko topaketak izango dira, eta sei irakaslek eskainiko dituzte tailerrak, astelehenetik zapatura.
Maryse Urruty, Nagore Tamayo, Idoia Tapia, Ximun Fuch, Ander Lipus eta Formol Laborategiko Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren izango dira topaketetako irakasleak, eta bakoitzak alor jakin bat zuzenduko du zortzi orduko saioetan banatuta. Urrutyk Alter egoa izeneko saioa emango du, pertsona, aktorea, eta pertsonaiaren arteko desberdintasunak bilatu, eta parte hartzaile bakoitzak bere buruarekin jolas dezan. Tamayok Gorputza adi, era eta bide tailerraren bitartez, dantzaren bitartez, partaide bakoitza norbere gorputzarekiko kontziente eta aukeren jabe izatea bilatuko du. Tapiak ahotsean jarriko du fokua Ahotsa motore saioarekin. Fuchsek Bizia bera oholtzan tailerra eskainiko du, eta izenak esan bezala, bizia oholtzan irudikatzeko ariketa izango da, eguneroko bizitzaren kaosa hobeto ulertzeko helburuagaz. Lipusek Antzerkia eta erritua, herria eta komunitatea, aktorea eta krudelkeria uztartuz dibertimendura hurbilketa bat egiteko asmoz Basa tailerra eskainiko die parte hartzaileei. Azkenik, Formol Laborategiko Alkarin, Azkarate eta Ibargurenek Irudi eta dispositibo eszenikoen eraikuntza izenpean testuinguru eta gertakarien ideiatik abiatuz espazio eszenikoaren esperimentazioan murgiltzen lagunduko die parte hartzaileei.
Izena emateko edota informazio gehiago eskuratzeko bi modu daude: 615 77 95 11 zenbakira deituta edo info@artedrama.com helbidera mezua bidalita.