Hiriburuetan KZgune sarearen bidez eskuragarri dauden zerbitzu digitalak eskaintzen hasi dira Lekeition
Eusko Jaurlaritzak Lekeitiora eta Amurriora zabaldu ditu hiriburuetan KZgune sarearen bidez eskuragarri dauden zerbitzu digitalak. Izan ere, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila proiektu pilotu bat sustatzen ari da KZguneen sarean, herritarrei administrazioarekin izapide elektronikoak egiten laguntzeko, laguntza-zerbitzu pertsonalizatuaren bidez. Hala, lehendabizi, Elgoibarko KZgunean ipini zuten martxan zerbitzua, eta orain, Lekeition eta Amurrion emango dute horretarako aukera.
Arduradunek azaldu bezala, ekimen horren helburua da «pertsonen autonomia digitalean aurrera egitea, arrakala digitala murriztea eta zerbitzu publikoak herritarrei hurbiltzea», kanal elektronikoen bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioaren «arreta integraleko eta kanal anitzeko ereduarekin bat etorriz».
Arreta pertsonalizatua bermatzeko asmoz, laguntza aurretiko hitzorduaren bidez ematen dute; hori horrela, Lekeition zerbitzua horrela jaso gura dutenek, 94-403 33 77 telefono zenbakira deitu behar dute hitzordua eskatzeko.
Izapideak. Zerbitzu berri horri esker, herritarrek ondorengo izapideak egin ditzakete Lekeitioko KZgunean: trafiko-isunak ordaintzea, etxebizitza izateko eskubide subjektiboa eskatzea, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren (EPE) eskaera, EPErako egiaztagiriak aurkeztea, seme-alabak dituzten familientzako laguntzak eskatzea eta Zuzenean zerbitzuan hitzordua eskatzea. Gainera, iragarri dute ondorengo faseetan, Etxebideko inskripzioa eta inskripzio-datuen aldaketa gehituko dituztela zerranda horretara.
Zerbitzuaren arduradunen hitzetan, proba pilotu hori administrazio «hurbilago, inklusiboago eta irisgarriagoaren» aldeko konpromisoaren adierazgarri da: «Azken urteotan, izapide telematikoak orokortu egin dira, eta horrek indartu egin du herritarren eta administrazioaren arteko harremanetarako funtsezko bide gisa duten zeregina. Hala ere, prozesu horrek agerian utzi du desberdintasunak daudela gaitasun digitaletan, baliabideetarako sarbidean eta tresna elektronikoen erabileran. Testuinguru honetan, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak administrazio hurbilago, inklusiboago eta irisgarriago batekin duen konpromisoaren erakusgarri da KZgune proiektu pilotua, herritarrei zerbitzu publikoekiko harremanetan lagunduko diena».