'Urak eginen du bide' dokumentala proiektatu, eta hitzaldian elkartuko dira Ondarroan
Pantailak Euskaraz ekimenaren 'Urak eginen du bide' dokumentalean, azken hamarkadan euskarak pantailetan "galdu duen lekuari" eta horrek, beste hainbat faktorerekin batera, euskararen jabekuntzan eta erabileran izan duen eragin negatiboari buruzko gogoeta plazaratzen da, kontzientziak pizteko asmoz, eta herritarrak, eragileak, zein erakundeak aktibatzeko helburuz.
Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko ekimearen Urak eginen du bide dokumentala ikusteko aukera egongo da martitzenean (otsailak 3), 17:00etan, Ondarroako Kofradia Zaharreko 2. solairuan. Ondoren, Ioritz Gonzalez Lertxundik hitzaldia emango du.
Euskarak pantailetan eta ikus-entzunezkoen munduan bizi duen egoera, honek euskararen normalizazio prozesuan duen eragina, eta gure hizkuntzak mundu digitalean aurrera egiteko dituen erronkak aztertzen ditu hainbat aditu eta aurpegi ezagunen elkarrizketa eta testigantzetatik abiatuz.
June Agirre Ansa, Alex Altuna Tojal, eta Oier Markotegi Zubillaga zinemagile gazteak dira zuzendari, egile eta ekoizleak, eta 2024ko urriaren 18an Euskal Zine Bilera jaialdian estreinatu zuten dokumentala.
30 minutuko dokumentalean, euskalgintza, soziolingustika, eta ikus-entzunezkoetan adituak diren pertsonak elkarrizketatu zituzten eta pantailen munduari lotuta dauden profesional ezagunen esperientziak bildu.
Azken hamarkadan euskarak pantailetan galdu duen lekuaz jabetzea, eta horrek, beste hainbat faktorerekin batera, euskararen jabekuntzan eta erabileran izan duen eragin negatiboaren kontzientzia hartzea du helburu ikus-entzunezkoak, baita euskarak pantailetan zein kaleetan etorkizun osasuntsu bat izan dezan herritarrak, eragileak, zein erakundeak aktibatzea ere. Izan ere, Pantailak Euskaraz ekimeneko kideen iritziz, euskarak gaur egun bizi duen erronka nagusietako bat, pantailen eta digitalizazioaren erronka, gainditzeko “ezinbestekoa” da erakundeek bitarteko gehiago bideratu eta legezko egitura egokiak martxan jartzea, profesionalek zein sare sozialetako sortzaileek euskarazko eduki gehiago sortzea, eta herritarrek mota guztietako pantailetan euskarazko edukiak kontsumitzearen aldeko apustua egitea.