Gure Eskuk Herritu ekimena aurkeztu zuten atzo arratsaldean.
Gure Eskuk
Herritu ekimena aurkeztu zien euskal jendartearen eragile nagusiei atzo arratsaldean [urtarrilak 29], Bilboko Kalderapeko aretoan egindako ekitaldian.
Zenbait eragileetako ordezkariak elkartu ziren ekitaldi horretan: Eusko Ikaskuntza, ELA, LAB, EH Bildu, Ikastolen Elkartea, AEK-Korrika, Agirre Center eta Ipar Hegoa fundazioak, Bilgune Feminista, pentsiodunen mugimendua… Musika, dantza eta umorea uztartuz, Zazpi Jauzi dantza ardatz zuen kultur ikuskizun baten bitartez, Herrituren balioak helarazi zituzten Gure Eskuren ordezkariak. Luix Mitxelena, Iholdi Beristain, Izar Aizpuru eta Aitor Zorzanok eskaini zuten ikuskizun hori.
Euskal komunitatea “trinkotzeko” helburuagaz, Herritu norberaren euskal herritartasuna adierazteko tresna da. Oinarrizko euskarria herritartasun hori adierazteko txartel bat da, Euskal Herriko armarria duen pina ere badauka, eta dena karpeta dotore batean bilduta. Herrituren karpeta eskuratzen duenak oinarrizko adierazpenarekin bat egingo du. Hain zuzen ere, adierazpen horrek jasotzen du Euskal Herria zazpi lurraldez osaturiko nazioa dela, eta euskara duela berezko hizkuntza, baita euskal herritarrek eurei dagozkien gai guztiez libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea daukatela ere. Horrez gain, gaur egungo erronkei heltzeko, euskal herritarrek burujabetza tresnak behar dituztela adierazten du, eta herritar guztien eskubideak bermatu beharra dagoela Euskal Herrian bertan zein munduko beste edozein lekutan.
Gure Eskuko bozeramaile Josu Etxaburu ondarrutarrak adierazi bezala, herritar librez osatutako herri libre batera jauzi egin nahi duen komunitatea irudikatzen du Herrituk: “Komunitatea gara. Orainaldian etorkizuna eraikitzen ari den komunitate bat. Zer nahi dugu? Jauzi egin. Jauzika ibili. Herri libre bat: herritar librez osatutako herri libre bat. Burujabeak izan nahi dugu: eragiten diguten eta axola zaizkigun gai guztiez erabaki nahi dugu. Demokrazia gehiago nahi dugu. Eskubide gehiago nahi ditugu. Bizimodu duina bermatu nahi diegu pertsona guztiei. XXI. mendeko erronkei heldu nahi diegu arduraz. Solidarioak izan nahi dugu gainerako herriekin. Finean, herri eta mundu hobea eraiki nahi dugu. Elkarrekin”.
Herritu balio horiek guztiak indartzera dator. Nayua Aduhren hitzetan, “tresna bat da; auto-afirmazio ariketa bat egiteko tresna: “Euskal herritarrak garela esateko tresna bat da, munduari nazio bat erakusteko tresna bat, eta komunitate honen zutabeak berresteko modu bat ere bai”.
Furgoneta, herriz herri. Gure Eskuko kideek azaldu dutenez, herrietako taldeak martxan jarri dira, Herritu “sozializatzeko”. Furgoneta bat herriz herri ibiliko da datozen asteetan; horrela, “herritzeko tokiak” izango dira Euskal Herriko herri eta auzoetan, eta eragileekiko lankidetzaren bidea ere jorratuko da ekimena sustatzeko.