Komunitate oso bat norabide berdinean lasterka
Arlo ezberdinetako edukiak landuz, diziplinarteko proiektua osatu du Zubi Zahar Ikastolako ikasle den Unai Lizarzaburu Aransolok, heziketa-fisikoa, matematika, hizkuntza eta IKT arloak uztartuz. Hala, proiektua oinarri, Ondarroan abenduaren 13an antolatu zen Egia-Iriondo memorialean parte hartu zuten ikastolako komunitatea osatzen duten irakasle, ikasle, ikasle ohi, lagun eta familiek, ‘Oinez edo gurpilez, bideari eutsi, ez etsi!’ lelopean.
Egia-Iriondo Memorialeko eguna, Zubi Zahar Herri Ikastolako kideak, lasterka egin ondoren.Zubi Zahar Herri Ikastola. Beste zenbait balioren artean, badira bi Zubi Zahar Herri Ikastolan eskutik doazenak: aniztasuna eta inklusioa. Aniztasuna, ikasleen arteko ezberdintasun guztiak aitortu, baloratu eta errespetatzean datza, eta, nola ez, horretarako, “behar-beharrezkoa” da hezkuntza inklusiboa oinarrian izatea. Izan ere, Zubi Zahar Herri Ikastolan aniztasuna aberastasun iturri gisa ulertzen dute; bide horretatik, beharrezko doikuntza, laguntzak eta baliabideak eskaintzen dizkiote ikasleari, guztiek potentzial osoa garatzeko aukera berdinak izan ditzaten.
Ikuspegi hori teoriatik praktikara eramateko adibide esanguratsua izan da Ondarroan urtero antolatzen den Egia-Iriondo memorialean egindako proiektua. Diziplinarteko lan honetan, hezkuntza fisikoa, matematika, hizkuntza eta IKT bezalako arloak uztartu ditu Zubi Zahar Ikastolako ikasle den Unai Lizarzaburu Aransolok, helburu argi batekin: ikasle baten parte hartzea bermatzea, komunitate osoaren laguntzarekin.
Proiektuaren nondik norakoak. Proiektua garatzeko orduan, ikasleak pauso ezberdinak eraman ditu aurrera. Lehenengo urratsa proiektua irakasleei aurkeztea izan zen, eta, ondoren, leloa aukeratzeko prozesuari ekin zion. Gero, galdetegi baten bidez, irakasleen parte hartzea baieztatu zuen, eta, jarraian, gurpildun aulkiak kudeatu zituen, besteak beste, eskaera egin, frogatu eta gordetzeko lekua bilatu. Horrekin batera, Egia-Iriondo Memorialeko ibilbidea ere aztertu zuen. Gainera, ikasleak kamiseten diseinua egin eta komunitateari eskaini zion, egunean bertan soinean eramateko. Horrez gain, Lizarzaburuk Oihane Saizar Burgoa ikasle ohia gonbidatu zuen, lasterketa elkarrekin egiteko proposamena luzatuz. Hala, biak izan ziren abenduaren 13an protagonista, eta txalo zaparrada artean sartu ziren Ondarroako Alde Zaharrean kokatuta zegoen helmugara.
Proiektuaren amaierako fasea memoriala bera eta ondorengo asteak izan ziren. Izan ere, lasterketa egunean grabaketak egin zituen aulkitik, eta hurrengo egunetan grabazioekin bideo bat sortu zuen.

Txapela jarri zieten Unai Lizarzaburu eta OIhane Saizarri.Zubi Zahar Herri Ikastola.
Helmuga berdina. Oinez edo gurpilez, bideari eutsi, ez etsi! lelopean hartu zuten Berriatutik Ondarroara arteko errepidea Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasle, irakasle, ikasle ohi, familia eta lagunek, kamiseta gorria soinean jarriz eta bi gurpildun aulkiei bultza eginez. Esperientzia hark argi erakutsi zuen inklusioa ez dela “bakarkako” ahalegina, komunitate oso batean konpromisoan oinarritutako bidea baizik: erritmo ezberdinetan, baina helmuga bera helburu izanik.
Izan ere, hezkuntza inklusiboa izateko orduan, Zubi Zahar Herri Ikastolarentzat garrantzitsua da ikas-komunitate osoa hezkuntza proiektuaren erdigunean kokatzea, komunitate osoaren konpromisoan eta lankidetzan oinarrituz. Horrez gain, ikastolarentzat «garrantzi handia» dauka inguruko erakunde zein zerbitzu publikoekin daukan lankidetza sareak, eta, proiektua aurrera eramateko, lasterketako antolakuntzako kideen laguntza azpimarratu nahi izan dute, bidea errazteko orduan eskua luzatzeagatik.
Hitzetik ekintzara. Beraz, balioak hitzekin baino ekintzekin erakusten direnez, Lizarzaburuk eta Saizarrek zabaldutako bide berdinetik jarraituko du Zubi Zahar Herri Ikastolak, komunitate oso bat norabide berdinean lasterka jarriz.

‘Oinez edo gurpilez, bideari eutsi, ez etsi!’ lelopean egin zuten korrika.Zubi Zahar Herri Ikastola.