Makila soinuen eta kopla doinuen aldia
Kandelario, Blas Deuna eta Santa Ageda jaien atarian daude herritarrak. Egunotan hara eta hona ibiliko dira txoko ugaritan, lurrari esnatzeko garaia heldu zaiola gogorarazteko. Kopla erronda askok eta askok zentzu solidarioa izango dute, denetariko elkarteei bultzada emateko baliatuko baitute haietan jasotako hobaria. Kantuaz harago, baina, egongo dira egun ilunak argiztatuko dituzten bestelako jarduerak ere.
Urtarrilaren amaierak eta otsailaren hasierak esangura errotua dute eskualdeotan: Kandelario, Blas Deuna eta Santa Ageda jaien iritsiera. Lea-Artibai eta Mutrikuko kultur elkarte, eskola, auzo talde edota udalak antolatzen hasiak daude, asteburu honetatik hasita, jai horien inguruko ospakizun egitasmoak prestatzeko.
Usadioari jarraiki, kantua izango da zutabe, egunotan. Auzoz auzo, kalez kale edota etxez etxe, herritarrak koplak abesteko errondetan ibiliko dira han-hemen. Hainbat tokitan, eske koplak izango dira, eta errondetatik bildutako hobaria denetariko helburuetarako bideratuko dute, funtsean, jomuga solidarioarekin. Halaber, makilak ez ahazteko eta baserritarrez jantzita hurreratzeko deia egin dute hainbat tokitan, tradizioari eutsi asmoz.
Aulestiarrek Blas Deunaren jaiak Goikalekoekin bateratuko dituzte. Patata tortilla txapelketa herrikoia izango da jaien gailur esanguratsuena, baina ez, ostera, bakarra: umeentzako jolasak nahiz Oier eta Aratzen musika emanaldi akustikoa barnebiltzen ditu egitarauak. Lekeition, kultur eragileen arteko elkarlanaren emari, eske koplak bertsoz girotuko dituzte. Izan ere, ohiko kalejirari Aissa Intxausti eta Xabat Galletebeitia herriko bertsolarien saioak lagunduko dio. Egunotan hara eta hona abesten ibiltzeak dakarren nekeari aurre egin eta indarberritzeko, urtero modura, ahiezko tostadak dastatzeko parada egongo da.
Markina-xemeindarrak Agate Deunaren ospakizunen pentsuan daude. Izan ere, kopla errondetara “inoiz baino talde gehiago” animatuko direla iragarri dute. Bertaratu ezin direnei, berriz, beren moldera bat egiteko deialdia luzatu diete: “Leihoetara zein balkoietara ateraz”. Hainbat tokitan, herrietako gune jakin batzuetan ipiniko dute fokua; horretarako, taldetan banatuko direla aurreratu dute leku askotan. Mutrikuarrek Luardon edukiko dute hitzordua, eta handik plazara joko dute. Bertan, herritarrak taldeka atonduko dira, eta horietako bakoitzak gune batera joko du. Ziortza-Bolibarko herritarrek, udalerriaren “goiko aldean” eragingo dute: Goierri, Zeinke-Ziarregi eta Gollebarren.7
SAN BLAS
Aulesti.
Otsailak 7, zapatua.
- 14:00. Goikaleko jaietako patata tortilla txapelketa.
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- Ostean. Txokolate janaldia.
- 19:00. Oier eta Aratzen kontzertu akustikoa, gaztetxean.
Gizaburuaga.
Otsailak 3, martitzena.
- 10:00. Abadiñora irteera, Olazar Kultur Elkartearen eskutik, aparkalekutik irtenda.
SANTA AGEDA
Aulesti.
Santa Ageda bezpera, otsailak 4.
- Goizean zehar. Eskolako umeak, kalez kale kantuan.
Amoroto.
Santa Ageda bezpera, otsailak 4.
- 10:45. Eskolakoekin koplak abesteko irteera; ikastetxetik abiatuko dira San Migelerantz.
Berriatua.
Otsailak 7, zapatua.
- 10:00. Baserriz baserri kantuan, Eskolaurretik irtenda.
- 13:30. Bazkaria (izena emateko azken eguna otsailaren 6a da, udaletxean).
- 15:00. Herrian zehar kantuan, Mendibarren pilotalekutik irtenda.
- 20:00. Umeentzako txokolate janaldia, Mendibarren pilotalekuan.
- 21:00. Afaria, Goxalde elkartean.
Ispaster.
Santa Ageda bezpera, otsailak 4
- 17:00. Auzoz auzo santa eskean abesteko deialdia,
plazatik hasita.
Lekeitio.
Santa Ageda bezpera, otsailak 4.
- 19:00. Agate Deunaren koplen erronda, kalez kale, Kilin Kala abesbatzaren, Musikaia Musika Eskolaren, trikiti jotzaileen eta Poto Bertso Eskolaren eskutik.
- Jarraian. Aissa Intxaustiren eta Xabat Galletebeitiaren bertso saioa.
Markina-Xemein.
Santa Ageda bezpera, otsailak 4.
- 16:45. Santa-eskean ibiliko dira. Plazaberripean batuko dira eta baserritar jantzita joatea eta makila eramatea gomendatu dute. Ibilbidea egingo ez dutenei leiho zein balkoietara ateratzeko eskatu diete.
- Ibilbidea amaitzerakoan. Kopau herrikoia.
Mendexa.
Santa Ageda bezpera, otsailak 4.
- 14:30. Herriko plazan hasita, etxez etxe kopla kantari ibiliko dira, Goialde Jubilatuen Elkarteak antolatuta.
Munitibar.
Santa Ageda bezpera, otsailak 4.
- 11:00. Eskolako umeekin batera herrian zehar abestuz, eskolako komunitateak antolatuta.
Otsailak 6, barikua.
- 19:00. Emakume baserritarren ahotsak, plazara jardunaldia: Erroa eta geroa dokumentalaren proiekzioa eta EHNE-Bizkaiaren Erein, borrokatu, bizi liburuaren aurkezpena; Arantza Arrien eta Libe Plaza baserritarrek eta dokumentalaren zein liburuaren egile Maribi Ugarteburuk parte hartuko dute.
Mutriku.
Otsailak 7, zapatua.
- 09:00. Herrian zehar, kantuz kantu. Luardon batuko dira, eta herriko plazan taldeka banatuko: talde bakoitza inguru jakin batera joango da.
Ondarroa.
Santa Ageda bezpera, otsailak 4.
- 18:30. Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuta, koplak herrian barrena, Maskuloetxe aurrean hasita.
Ziortza-Bolibar.
Otsailak 7, zapatua.
- 09:00. Santa eskean kantuz, Goierri, Zeinke-Ziarregi eta Gollebar auzoetan.