Urpekari profesionalen eskola inauguratu dute Ondarroan
Urpekari profesionalen eskola inauguratu dute gaur goizean Ondarroako portuan.
Gaur eguerdian inauguratu dute urpekari profesionalen eskola. Ondarroako urpekari profesionalen eskola inauguratu dute gaur goizean, Antiguako Ama Itsas-Arrantza Eskolaren eskutik. Ekitaldian azaldu dutenez, “punta-puntako” eskola izango da, eta datorren astetik aurrera martxan egongo dira ikastaroak: “Gaur inauguratu berri den eskola punta-puntakoa izango da bere instalazioengatik, eta baita, eskainiko diren ikastaro praktikoengatik ere”.
Urpekari profesionalen eskolak hiru titulazio nagusi eskainiko ditu: itsas baliabideen biltzailea (15 metroko sakonera), sakonera txikikoa (30 metroko sakonera) eta sakonera ertainekoa edo bigarren mailakoa (60 metroko sakonera). Ikastaro horiek guztiak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Industria Sailak ziurtatuko ditu, “erakunde honen menpe daude hainbat sektoretan gero eta gehiago eskatzen diren titulazioak”.
Gaurko inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Isabel Mendiguren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza Berezien zuzendaria; Koldo Goitia, Portu, Itsas Gai eta Itsasertzeko zuzendaria; Cristina Mugica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko zuzendari nagusia; Joseba Segura Bilboko gotzaina, Amaia Basterretxea Antiguako Ama Arrantza Eskolako zuzendaria, eta Urtza Alkorta Arrizabalaga, Ondarroako alkatea.
Eskola berriak urpean lan egin behar duten profesionalentzako prestakuntza eskainiko du, hala nola suhiltzaileei edota poliziei, segurtasun kidegoei eta erreskate langileei, urpeko lanetan espezializatutako soldatzaileei eta igeltseroei, baita ere lur azpian lan egiten duten arkeologo eta biologoei ere. “Guztiek kanpoko laguntza behar dute, eta horregatik daramate eskafandra edo urpekarien kaskoa, profesionala ez dan urpekaritzan ez bezala, honek aire botila bakarra daramalako”, adierazi du Inazio San Miguel Aizpuru urpekarien eskolako arduradun eta 2010etik urpekari profesionalen irakaslea denak.Â
Instalazioen artean nabarmentzekoa da plaza anitzeko kamara hiperbarikoa; hau da, urpekaritzarekin lotutako deskonpresio-gaixotasunak tratatzeko ontzia. Gainera, praktika batzuk aurrera eramateko, datozen hilabeteetan 5 metroko sakonera eta 15 metroko luzera izango dituen zulo bat egingo da, “Kantauri itsasoan murgildu behar ez izateko”. Horrez gain, tailer praktiko eta gela espezifikoak ere baditu instalazioak.Â
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, bakarra. Bestalde, Ondarroakoa izango da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan itsas baliabideak biltzeko ikastaroak eskainiko dituen eskola, eta online bidez ere eskainiko ditu ikastaroak, urpekariaren akreditazioa behar duten egungo jarduneko profesionalentzako ikasketak errazteko helburuagaz.Â
San Miguelek azaldu bezala, Ondarroako eskola “erreferentea” izango da: “Ondarroan urpekari profesionalak prestatzen erreferentea izango da, zalantza barik, instalazio osoengatik; izan ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan bi kamera hiperbariko baino ez daude. Gainera, prestakuntza teoriko eta praktikoak lehen mailakoak izango dira”.Â
Elizbarrutiko ikastetxeen sarean. Ondarroako Arrantza Eskola Bilboko Gotzaindegiko elizbarrutiko ikastetxeen EBI sarean sartuta dago, eta Joseba Segura Bilboko gotzainak adierazi bezala, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako itsas lanbideetan espezializatua dagoen lanbide heziketako ikastetxe “osoena” da: “Lanbide heziketa sendoaren alde egitea kalitatezko enpleguaren, gizarte kohesioaren eta lurralde orekaren alde egitea da. Benetako aukerak eskaintzea da, pertsonek beren bokazioa garatu ahal izan dezaten, alde egin behar izan barik, eta sektore estrategikoek profesional ondo prestatuak, arduratsuak eta konprometituak izan daitezen. Urpekari-eskola hau adibide ona da hezkuntzak tokikotasunetik etorkizuna zelan sor daitekeen ikusteko”.Â
12 ikasle. Sektoreko araudiak ezarritakoaren arabera, ikastaro bakoitzean gehienez 12 ikasle onartuko dira, eta praktikak luzo artifizialean, portuan bertan eta itsaso zabalean egingo dituzte, “baldintzek ahalbidetzen dutenean”. Horrez gain, urpekari eskolako arduradunak zehaztu duenez, kanpoko laguntza jasoko dute uneoro: “Buzoko kaskoaren edo eskafandraren bidez konektatuta egongo dira, eta arnasketako eta kanporako komunikazioko hodien bidez, langile gaituak izango dute une oro. Horrez guztiak, materialarekin batera, asko igotzen du urpekari profesional baten urperatzearen kostua”.Â