Hesi berria inauguratu dute Usotegi herritarren ortuan
Zapatuan [urtarrilak 31] Lekitto Bedarrako kideek eta Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak inauguratu zuten hesia.
Taldeko kideak eta herriko alkatea elkartu ziren hesia inauguratzeko.Lekitto Bedarra Lekitto Bedarrako kideek itxuraldatuta hasi dute urtea. Joan den zapatuan [urtarrilak 31] Usotegi herritarren ortuan elkartu ziren kide denak, eta auzolanean jarritako hesi berriaren inaugurazioa egin zuten. Bertan izan ziren Lekitto Bedarrako kide beterano nahiz berriak, eta baita Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea ere.
Julian Arrate taldeko presidenteak azaldu duenez, 2013tik hesia aldatu barik egon da: “Aurreko hesia 2013an auzolanean ipini genuen, Kilin Kala tabernako dekorazioa, egurrak eta bilgarriak erabiliz. 2024ko abenduan, hesiaren egoera kaxkarra zela-eta, udalari berritzeko eskatu genion”.
Hala, udalak Letraukuako konpost guneko hesia eman zien Usotegin jartzeko. Prozesu “luze baina polita” egin ostean, “pozik” inauguratu zuten hesi berria: “Gutxika-gutxika eta auzolanean egin ditugu lanak. Urtebete pasa da, eta garbitu, lixatu, moztu eta tokira egokitu dugu. Prozesu luze baina polita izan da, eta gure filosofiari jarrraituz, hesiari bizitza berri bat ematea lortu dugu”.

Taldeko kideak eta herriko alkatea elkartu ziren hesia inauguratzeko.Lekitto Bedarra
Aldazabal alkateak ere hartu zuen hitza, eta Lekitto Bedarrako kideek herriari egindako ekarpena eskertu eta txalotu zituen. Jarraian, auzolana goraipatu eta herria hobetzen jarraitzeko tresna garrantzitsua dela nabarmendu zuen. Bestalde, Lekitto Bedarrako kideei beste erronka bat luzatu zien: San Andres auzoan auzo konpostarako plastikozko edukiontzia jartzea, eta bertan dagoen egurrezko etxola Usotegin muntatzea.
Taldeko kideek “pozik eta gustura” amaitu zuten inaugurazioa Atea tabernan, eta urte berriari heltzeko gogoz daudela adierazi dute: “Taldea indarberrituta dago. 2025ean hiru kide berri gehitu zitzaizkigun, eta 2026a ere oso ondo hasi dugu, beste hiru kide berrirekin. Gure ildo nagusiak bultzatzen jarraituko dugu aurten ere: auzolana, euskara, formakuntza eta laguntza solidarioa”. Jakinarazi dutenez, Elikagai Bankuari eta dominikar monjei ortuan ekoizten ditugun barazkiak ematen jarraituko dugu.
Taldera batu nahi duten herritar nahiz inguruko bizilagunei urteko eguen guztietan Usotegira bertaratzeko gonbidapena luzatu diete, 16:00etatik 18:30era bitartean.

Taldeko kideak eta herriko alkatea elkartu ziren hesia inauguratzeko.Lekitto Bedarra