Lekeitioko liburutegiak herritarren kultur proposamenak jasoko ditu
Lekeitioko liburutegiak herritarren ekarpenak bilduko ditu, kultur etxean sormena, ikaskuntza eta elkarlana sustatzeko.
Lekeitioko liburutegiak IDEI LABO izeneko proiektu esperimentala eta kolaboratzailea zabaldu du, kultur etxea sormen, ikaskuntza eta elkarlan espazio bizia izan dadin. Urte osoan zehar proposamenak egiteko aukera edukiko dute herritarrek, eta Lekeition “bizitza hobetzeko” proposamen bat egin nahi duen edonori zuzenduta dago udalak zabaldu duen galdetegia.
Deialdiaren helburua da lekeitiarren ekimenak sustatzea, batez ere, ezagutza kolektiboa sortzeko. Proposamenak banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira, eta parte-hartzaile edo talde bakoitzak gehienez hiru proposamen edo ideia aurkeztu ahal izango ditu.
Izan ere, proiektu bakoitza zenbait ezaugarri bete behar izango ditu: kolaboratzailea izan behar da, hau da, beste pertsona batzuekin elkarlanean aritzeko edo parte-hartzea sustatzeko helburua izan beharko du; esperimental izaera eduki behar du, ikaskuntza prozesua eta ezagutza berriak sustatu behar dute; eta inklusiboak izan behar dira, profil askotariko pertsonen parte-hartzea erraztea izan behar du xede.
Proiektuen iraupenari dagokionez, askotarikoak izan daitezke: asteburu bateko ekintza puntualak, hilabeteko prozesuak edo aldizkako saioak. Aipatu bezala, deialdia Lekeition bizitza hobetzeko proposamen bat egin nahi duen edonori zuzenduta dago, ikasteko eta ezagutzak partekatzeko gogoa duten herritar guztiei. Adingabeei dagokionez, 12 urtetik beherakoen kasuan, izen-ematea 18 urtetik gorako pertsona batek egin beharko du, legezko ordezkari edo tutore gisa.