Sahararen aldeko elkartasun karabanarako janari bilketa egingo dute Ondarroan
Bihar [otsailak 3] hasi eta otsailaren 21ean amaituko da janari bilketa kanpaina. Arroza, pasta, atun eta sardina kontserbak, azukrea, lekaleak eta konpresak bilduko dituzte.
Beste urte batez, Ondarroako Yaalah Elkarteak eta Ondarroako Udalak Sahararen aldeko janari bilketa ipini dute martxan. Sahararekiko Elkartasun Elkarteen Koordinakundearen barnean antolatu dute egitasmoa, eta ondarrutarrek bat egin dute Sahararen aldeko euskal karabanarako janaria biltzeko asmoz.
Egitasmoaren sustatzaileek adierazi dutenez, “herri sahararrari ahalik eta elikagain gehien” eramateko helburuz ariko dira lanean, eta martxoan aterako da karabana Sahararantz; arroza, pasta, atun eta sardina kontserbak, azukrea, lekaleak eta konpresak bilduko dituzte.
Bihar [otsailak 3] hasiko da bilketa kanpaina, eta otsailaren 21era bitarte egongo da martxan. Otsailaren 3tik 12ra Zaldupe eskolan, Zubi Zahar Herri Ikastolan eta Ondarroako Institutuan egingo dute bilketa ikasleentzat, eta otsailaren 20an eta 21ean herriko dendetan egongo dira. Herriko dendetan egingo duten bilketan boluntarioak behar dituztela adierazi dute; laguntzeko prest daudenek yaalahelkartea@gmail.com helbidera idatzi edo 633 35 79 06 telefonora deitu dezakete.
Tindufeko (Algeria) errefuxiatuen kanpalekuetan pairatzen duten elikagai falta gutxitzeko asmoz ipini dute martxan egitasmoa: “50 urte daramatzate atzerrian, Algeriako desertuan ea nazioarteko laguntzak eusten ditu saharar errefuxiatuen itxaropenak. Urte luzez, Marokok burututako okupazioaren ondorioz daude beraiena ez den lurraldean, eta oraindik gatazkak kopondu gabe jarraitzen du”. Hala, herritar denei janari bilketan parte hartzeko deia egin diete.