Arantza Zuluetaren aurkako epaia gaitzetsi du Lekeitioko Udalak
Udalbatza osatzen duten taldeek Auzitegi Gorenaren erabakia anakronikotzat jo dute eta eskubide urraketak egon direla azpimarratu dute.
Lekeitioko Udalak adierazpen ofizial baten bitartez, adierazi du Espainiako Auzitegi Gorenak 13/13 makroepaiketaren inguruan emandako epaia “denboraz eta lekuz kanpokoa” dela, eta herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzearen aurkakoa dela. Udalbatza osatzen duten udal taldeek gogorarazi dute jarrera hori jada 2021eko abenduaren 16an azaldu zutela.
Epai horren bidez, Lekeitioko herrian sustraiak dituen Arantza Zulueta eta beste hiru pertsona espetxeratzeko agindua berretsi da, Arantza Zuluetari zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarriz. Udalaren esanetan, 13/13 sumarioa Estatuaren sektore batzuek bultzatutako estrategia politiko-judizial baten ondorio da, eta azken hamarkadan herrian irekitako bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aro berriaren aurka egiten du.

Ander Aldazabal, Lekeitioko alkatea, eta Arantza ZuluetaLekeitioko Udala
Adierazpenean zehar, udal taldeek hasieratik auziak izan duen “dena ETA da” ikuspegi politikoa salatu dute, eta prozesu luzean zehar defentsa-eskubidea eta epaiketa justurako gutxieneko bermeak urratu direla nabarmendu dute.
Udalaren iritziz, epaia atzera begirakoa da eta jada existitzen ez den errealitate batera eramaten du berriro ere. Testuinguru horretan, Estatu espainiarraren aparatu juridiko-legala euskal herritarren eta Euskal Herriaren aurka martxan jarraitzen duela salatu dute.
Amaitzeko, Lekeitioko Udalak epaiak onartezinak, anakronikoak eta garaiz kanpokoak direla azpimarratu du, eta euskal gizarteak historikoki aldarrikatu duen konponbidearekiko konpromisoa berretsi du. Horren aurkako edozein eraso edo erabaki judizialen aurrean, bakearen eta elkarbizitzaren alde lanean jarraituko dutela adierazi dute.