Auzitegi Nazionalak Zulueta eta Enparantza abokatuak espetxeratzeko agindua eman du
Urtarrilean Espainiako Auzitegi Gorenak Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuen aurkako epaia berretsi eta gero etorri da agindu berria.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuen espetxeratzea agindu du, Auzitegi Gorenak 13/13 sumarioaren harira ezarritako zazpi urte eta erdiko eta lau urteko zigorrak berretsi ondoren. Naiz-ek jakitera eman duenez, bai Zuluetak eta baita Enparantzak ere Auzitegi Konstituzionalera joko dute errekurtsoa aurkeztera, baina horrek ez du agindua etengo.
Gaur arratsaldean, EFE albiste agentziak argitara eman duenez, urtarrilaren 28ko espetxeratze agindua duen autoaren bidez, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epea dute bi abokatuek espetxean beren kabuz azaltzeko. Agindua bete ezean, bilatze eta espetxeratze agindua emango du auzitegiak.
13/13 auzia. 2022an Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuak ere zigortu zituzten, baina Auzitegi Gorenak aurtengo urtarrilean euren zigorrak arindu zituen: Zuriarraini hiru urtetik bi urte eta erdira jaitsi zioten zigorra, eta Sarriegiri, berriz, hiru urtetik urte eta erdira. Beraz, bi urte baino gutxiagoko espetxe zigorra izanik, Auzitegi Nazionalak kondena bertan behera uzteko aukera eman die.
Gaur jakinarazpena ezagutu eta berehala heldu dira zenbait erreakzio. LAB Sindikatuak elkartasuna eta babesa adierazi dizkie zigortuei, eta sindikatuaren ordezkariek adierazi dute Auzitegi Nazionalaren erabakiak elkarbizitza demokratikoa “kolokan jartzea” duela helburu: “Argi esaten dugu Arantza eta Jon kalean behar ditugula”.
EH Bilduk ere “gaitzespen irmoa” adierazi du espetxeratze-aginduaren aurrean: “Epai guztiz anakronikoa da, eta talka egiten du euskal herritarren gehiengoaren borondatearekin. Estatu sakonak iraganeko agertokietara itzulera inposatzeko asmo argia agerian uzten du berriro ere, togetatik hasita. Hala ere, ez dakite Euskal Herriak eta euskal gizarteak etorkizunari eta bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntza partekatuari begiratzen diotela. Espetxe politikan salbuespen oro gainditzea esan nahi du horrek, kartzelak hustea eta, inolaz ere, betetzea”.