Emakumei baserritarrei ahotsa emango diote Munitibarren
'Erein, borrokatu, bizi' liburua aurkeztuko dute barikuan [otsailak 6], Udal Aretoan. 'Erroa eta geroa' dokumentala ere proiektatuko dute.
Munitibarko Euskara Batzordeak eta Munitibarko Emakumeek, udalaren babesagaz, hitzordu garrantzitsu eta berezia antolatu dute barikurako [otsailak 6]. Udal Aretoa makume baserritarren plaza bihurtuko dute, 19:00retatik aurrera; bertan aurkeztuko dute Maribi Ugarteburu amorotarraren Erein, borrokatu, bizi liburua.
Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE-Bizkaia) sindikatuaren eskutik, emakumezko baserritarren kolektiboaren ahotsa bildu du Ugarteburuk, horietako hamarren bizipenak bilduz eta jasoz. Gainera, liburuaren aurkezpena protagonisten testigantzekin bertatik bertara bizitzeko aukera egongo da, plazaratze solasaldia parte hartuko baitute hala Arantza Arrien, nola Libe Plaza baserritarrek, egileaz gain.
Gainera, Erroa eta geroa dokumentalaren proiekzioaz gozatzeko aukera ere egongo da, hori ere amorotarraren uztakoa. Ikus-entzunezko horrek Euskal Herriko leku oso desberdinetako emakume baserritarren ahotsak biltzen ditu; horietako gazteenak 30 urte inguruko adinekoak dira, eta nagusienak, aldiz 90etik gorakoak.