Gaztetxearen 25. urteurrena ospatzeko ekintza ezbedinak antolatuko ditu Mutrikuko Gazte Asanbladak hilabetero
'25 urte, ezto mugaik!' lelopean antolatu du Mutrikuko Gazte Asabladak gaztetxearen 25. urteurrena. Otsaileko egitaraua argitaratu dute, eta hilabetero joango dira antolatutakoaren berri ematen.
Mutrikuko Gaztetxean 25 urte beteko ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko, gazte asanbladak hilabetekako egitarauak antolatu ditu, 25 urte, ezto mugaik! lelopean. “Aurten gaztetxeak 25 urte betetzen ditu. Mende laurden bat herriko gazteon aterpe izaten: antolakuntza, aisialdi alternatiboa, kultur eskaintza, askotariko borrokak, hitzaldiak… eta beste gauza asko! aurten ere, gaztetxea bizi-bizirik egongo da”, adierazi dute gazte asanbladako kideek. Otsailetik azarora bitartean ekintza ezberdinez beteko dute gaztetxea, eta azaroan ospatuko dute urteurrena.
Hala, barikuan [otsailak 6] emango diote hasiera otsaileko egitarauari, Balira irakurle taldearen saioarekin. Oraingoan, Eider Rodriguez idazlearen Eraikuntzarako materiala liburua landuko dute, 19:00etan gaztetxean. Zapatuan [otsailak 7] Santa Eskian aterako dira herritarrekin batera, herriko kale zein auzoak bertsoekin girotzera.
Horrez gain, inauteriak aprobetxatuz, otsailaren 14an ere [zapatua] zabalik egongo da gaztetxea 20:00etatik aurrera, eta otsailaren 20an [barikua], Berun taldearen kontzertua eta jam sessiona egongo dira, 22:00etan hasita.
Otsaileko egitarauarekin amaitzeko, 27an [barikua], 19:00etan, Iagomagoren ikuskizuna egongo da gaztetxean bertan.
Gazte Asanbladako kideek WhatsApp talde bat sortu dute urteurrenaren harira antolatutako ekintzen berri emateko, eta taldera sartzeko deia egin die herritarrei.