Leartibai Fundazioak plan estrategiko bat bultzatu du, hiri-ekonomia eredu lehiakorra eta iraunkorra bultzatzeko
Herritarren bizi kalitatea eta ekonomia dinamizatuko duen planak, tokiko merkataritza, ostalaritza eta hurbileko zerbitzuak indartu eta lehiakorragoak bihurtuko ditu.
Leartibai Fundazioak, Lea-Artibai eskualdeko udalen babesarekin, Hiri-Ekonomia Estrategia Jasangarria eta Partekatua estrategia abiarazi du. Helburua izan da eskualdeko hiri-ekonomiaren etorkizuna gidatuko duen “plan bateratua” osatzeko egutegi eta lan-urratsak finkatzea, Eusko Jaurlaritzaren hiri ekonomia bultzatzeko Merkasaretza estrategia berrituarekin lerrokatuz.
Lanketa 2026ko lehen seihilekoan garatuko dute, eta eskualdeko tokiko merkataritza, ostalaritza eta hurbileko zerbitzuak indartuko ditu. Gainera, “herritarren bizi kalitatea hobetu eta ekonomia dinamizatuko duen” proiektu horrek eskualdeko gainerako esparruetan (hirigintza, mugikortasuna, kultura, turismoa eta abar.) ere garapena ekarriko du.
Ikertaldek zuzendutako lan-prozesua hilabete honetan, otsailean, hasiko da, eta hainbat fase izango ditu. Azken emaitzan, ekintza-ildo zehatzak, lehentasunak eta jarraipen zein ebaluazio proposamenak jasoko dituen hiri-ekonomiako estrategia dokumentua aurkeztuko dute.
Partaidetzan oinarritutako lanketa. Plana garatzeko, eskualdeko eragile ekonomikoen, udalen eta herritarren ekarpenak jasoko dituen partaidetza-prozesua abiatuko dute. Horretarako, inkestak egingo dizkiete sektoreko eragileei eta herritarrei, eta hainbat lan-saio antolatuko dituzte, ekarpenak modu irekian biltzeko.
Ildo horretan, Leartibai Fundazioak eskualdeko eragileak eta herritarrak Hiri-Ekonomia Estrategia Jasangarria eta Partekatua diseinatzeko prozesuan parte hartzera gonbidatu ditu.