Xabat Oar-Arteta: "Markak hobetzea dut helburu nagusi, dominak lortzea baino gehiago"
Xabat Oar-Arteta aulestiko atletak urrezko domina irabazi du luzera jauzian eta brontzezkoa 60 metro hesietan Euskadiko Txapelketan. Jada, hurrengoko txapelketetan jarria du begirada.
Xabat Oar-Arteta txapelketa batean. Xabat Oar-Arteta. Bi urte luze lesioekin borrokan aritu ondoren, sasoi betean itzuli da lehiara Xabat Oar-Arteta Urkiri (Aulesti, 2003). Durango Kirol Taldeko atletak emaitza bikainak lortu ditu duela aste bi Anoetan jokatutako Euskadiko Txapelketan: urrea luzera jauzian eta brontzea 60 metro hesietan. Dominetatik harago, markak hobetzea eta atletismoaz gozatzea ditu helburu nagusi, eta neguko denboraldia itxita dagoen honetan udari begira jarri da.
Duela aste biko Euskadiko Txapelketan bi domina irabazi zenituen: urrea luzera jauzian, eta brontzea 60 metro hesietan. Espero al zenuen horrelako emaitzarik?
Markak hobetzea dut helburu nagusi, dominak irabaztea baino, eta uste dut, atletismo munduan gabiltzanon helburua hori dela: norbere buruaren kontra lehiatu markak hobetzea. Hala ere, domina eta marka ona batera etortzen badira, askoz hobeto, jakina. Nahiz eta nire helburu nagusia ez zen lehenengo postua eskuratzea, apur bat espero nuen. Astebete lehenago ikusten dugu noren kontra lehiatuko dugun, eta denok ezagutzen dugu elkar, beraz, egin genezake buruan ideia bat txapelketa nondik-nora joango den. Helburu nagusia markak hobetzea bada ere, oso pozik nago lortutakoagaz.
Bi espezialitatetan jarraitzea da nire asmoa. Biak gustatzen zaizkit eta bietan nago eroso.
Lesioetatik zatoz. Nola zaude gaur egun?
Bizkarrean hernia edo edema bat izan dut, eta bi urte inguru ibili naiz min handiekin, entrenatu ezinik. Medikutan eta fisioterapeutekin asko ibili ondoren, orain hobeto nago: entrenatu eta lehiatu ahal dut. Beraz, gustura eta gozatzen nabil
Bi espezialitatetan ibiltzen zara. Non sentitzen zara erosoago?
Biak ditut gustuko, eta bietan sentitzen naiz eroso. Hala ere, entrenatzeko nahigo ditut hesiak, eta lehiatzeko, berriz, luzera. Izan ere, hesietako lasterketa 6 edo 7 segundokoa izaten da, hau da, hasi orduko amaitu da. Beraz, lehiatzeko orduan luzera nahigo dut.
Lehiatzeko orduan, zer-nolako garrantzia dauka buruak?
Handia. Astean lau edo edo egunez entrenatzen dugu, eta ordu biko entrenamenduak dira. Lehiaketa, ordea, sei edo zazpi segundokoa da. Pausu txar batek dena zapuztu dezake. Beraz, burua garrantzitsua da.
Nire ibilibidean, gure entrenatzailea den Orkatz Beitia izan da nire erreferentea.
Hastapenetara joanda, noiz hasi zinen atletismoan?
Lehen Hezkuntzako seigarren mailan hasi nintzen atletismoan. Hiru urte egin nituen Markina-Xemeingo taldean, eta gero Durangora joan nintzen, han jarraitzeko aukerarik ez zegoelako. Durangon hasi nintzen hesietan eta luze jauzian espezializatzen.
Ibilbide honetan, erreferenterik izan al duzu?
Esango nuke gure entrenatzailea den Orkatz Beitia ondarrutarra izan dela nire erreferentea. Azkenean, egunero gaude berarekin, Euskadiko errekorra izan du aurreko urtera arte 100 metrotan, 60 metrotan ere badauka oraindik. Beraz, nire erreferentea bera dela esango nuke.
Behin Euskadiko Txapelketa amaituta, zer dator orain?
Kategoria absolutuan lehiatzen dut, eta orain, Espainiako Txapelketa hasiko da. Hala, ere, Espainiako Txapelketara joateko marka minimoak behar dira, eta oraingoz ez naiz horra heltzen. Beraz, neguko denboraldia amaitutzat eman eta udakoari begira jarriko gara. Aste Santuetan hasiko dugu kluben arteko txapelketa, eta orain, hori prestatzea tokatzen da.
Zure asmoa bi espezialitatetan, hesietan eta luzera jauzietan, jarraitzea al da?
Bai, argi daukat hori. Biak gustatzen zaizkit eta bietan nago eroso. Gainera, txapelketetan bi proba egin ahal ditu atleta bakoitzak, eta nik, normalean biak egiten ditut.
Etorkizunera begira, zein da zure helburua?
Espainiako Txapelketa batean parte hartzea gustatuko litzaidake. Eta, batez ere, markak hobetzen jarraitzea: luzeran 7 metroko marka gainditzea eta hesietan ere aurrera egitea.

Xabat Oar-Arteta, luzera jauzia egite.Xabat Oar-Arteta.