Hil Arte Bizi tailerren aurkezpena egingo dute eguaztenean Markina-Xemeinen
Eguaztenean [otsailak 11] 18:00etan kultur aretoan elkartuko dira. Tailerrak, ostera, martxoko lau astelehenetan izango dira; izen ematea eguenean [otsailak 12] zabalduko dute.
Heriotzaren inguruan hitz egiteko elkartuko dira hirugarrenez Markina-Xemeinen. Joan den bi aldietan Hil Arte Bizi tailerrek eduki duten erantzuna ikusita, Markina-Xemeingo Udalak eta Beti Jai Jubilatuen Elkarteak beste urte batez herritarrei heriotzaren inguruan naturaltasunez hitz egiteko espazio bat eskainiko diete.
Nere Erkiagak gidatuko ditu tailerrak, eta lanean buru-belarri hasi aurretik, aurkezpen hitzaldia egingo dute eguaztenean [otsailak 11]. 18:00etan elkartuko dira kultur aretoan; Erkiagak adierazi du tailerra ez dela doluan daudenentzat egokia.
Eguazteneko aurkezpenaren ostean zabalduko dute tailerretan izena emateko aukera, eta otsailaren 24ra arte egongo da zabalik. Taldekide kopurua mugatua izango da, eta udaletxeko Berton bulegoan 20 euroren truke eman daiteke izena.
Tailerrak, ostera, martxoko lehen lau astelehenetan izango dira. Martxoaren 2an heriotzarekiko ideiak eta esperientziak partekatuko dituzte; martxoaren 9an kontu praktikoak landuko dituzte; martxoaren 16an hil ondoren pertsona bakoitzak nahi duenaren inguruan jardungo dute; eta martxoaren 23an “gure agurra” landuko dute. Beti Jai jubilatuen elkartean elkartuko dira 18:00etan heriotzaren aurrean pertsona orok dituen eskubideak ezagutu eta norbere erabakiak argitzeko asmoz: “Heriotzari diogun beldurra txikitu eta bizitza zabaltzeko ahalegina da. Lau tailerretan elkarrekin ikasteko espazioa izango da”. Herritar guztientzako zabalik dagoen tailerra izango da, eta “atsegina” izango dela ziurtatu dute.