Egoera geopolitiko berriaren eta haren eraginaren inguruan hausnartuko dute
Leartibai Fundazioak 'Egoera geopolitiko berria eta honen eragina industrian' jardunaldia antolatu du martxoaren 12rako. Lea-Artibaiko eragileei zuzendutako jardunaldia da, eta bertaratzeko izena eman behar da.
Leartibai Fundazioak eskualdeko eragileak elkartu, eta hausnartzeko tartea hartuko du. Martxoaren 12an ipini dute hitzordua, eta Egoera geopolitiko berria eta honen eragina industrian jardunaldia egingo dute. Jakitera eman dutenez, Lea-Artibaiko eragileei zuzendutako jardunaldia izango da.
15:00etan elkartuko dira Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean, eta bi ordu inguruko jardunaldia izatea aurreikusten dute antolatzaileek. Hala, Ainhoa Arrizubieta Zabala Leartibai Fundazioko zuzendari nagusiaren ongietorriarekin emango diete hasiera jardunaldiari, eta jarraian, galdera bat mahaigaineratuko dute: “Biluzik al dago Europa jokaleku geopolitiko berrian?”. Hari horri tiraka, Niko Cuenca Beristain analista ekonomiko, edukien aholkulari eta marketin teknikariaren eskutik egingo dute hausnarketa.
Jarraian, mahaingurua egingo dute. Eusko Jaurlaritzako ordezkaria izango da Jaione Ganzarain Epelde Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria, ostera, Ainara Basurko Urkiri Sustapen Ekonomikoko Diputatua. Azkenik, Leire Mugerza Garate Mondragon taldeko Batzorde Iraunkorreko lehendakariak ordezkariak osatuko du mahaingurua.
Ordubetez ariko dira egoera geopolitikoaren eta haren eraginaren inguruan hausnartzen, eta amaitzeko galdera-erantzunetarako tartea hartuko dute. Bertaratu nahi duten eskualdeko eragileek lseara@leartibaifundazioa.eus helbidera idatziz edo 94-616 91 72 telefonora deituz eman dezakete izena.