Eskuz Binakako Txapelketa Nagusia hartuko du Etxebarriak domekan
10:30ean promesek dute, eta 12:00etan, elite mailako pilotariek. Elite mailan, Sagardui-Gaminde eta Etxegarai-Capellan bikoteek neurtuko dituzte indarrak.
Abenduaren 27an hasi zen Laboral Kutxa Eskuz Binakako Txapelketa Nagusia, eta Etxebarrira helduko da domekan [otsailak 22]. Punta-puntako pilotariak kantxaratuko dira, eta guztira lau partida ikusteko aukera egongo da.
Eguerdia jo orduko elite mailakoen txanda izango da. Txapelketako hamargarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan, jardunaldi bikoitzarekin; Etxebarriko partidaz gain, Asteasun (Gipuzkoa) jokatuko da jardunaldiko bigarren partida. Hala, Etxebarrian Sagardui eta Gaminde pilotariek kolore gorria defendatuko dute, eta Etxegarairek eta Capellanek, aldiz, urdina. Antolatzaileen esanetan, “gauzak gori-gori” daude eta puntu bakoitzak gero eta garrantzi handiagoa du: “Partida interesgarria izango da”.
Elite mailako partidaren aurretik, promesa mailako pilotarien txanda izango da. 10:30ean Irene Azkona eta Nahia Uriarte ariko dira Onintze Galdos eta Miren Olondoren aurka; 11:00etan, ostera, Petra Rodriguez eta Garazi Nisa kantxaratuko dira Aiala Uriarteren eta Alejandra Perezen aurka, eta azkenik, 11:30ean, Insausti-Betegi eta Esnal-Ozaeta bikoteen txanda izango da.
Sailkapen orokorra. Binakako Txapelketan guztira zazpi bikote ari dira lehian, eta Etxebarrian kantxaratuko diren bi bikoteak garaipen beharrean daude. Izan ere, Sagardui eta Gaminde bosgarren postuan daude, jokatutako hiru partidatatik bi galduta; aldeko 60 tanto eta kontrako 64 pilatu dituzte gaur gaurkoz. Etxegarai eta Capellan, ostera, zazpigarren postuan daude, jokatutako lau partidatatik laurak galduta; aldeko 39 tanto eta kontrako 88 dituzte. Lehenengo postuan, ostera, Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarra eta Arrate Bergara tuterarra daude, jokatutako bost partidatatik bostak irabazita, 110 aldeko tantorekin eta 59 kontrakorekin.
Beste zenbait jardunaldi geratzen zaizkie oraindik pilotariei final handiaren aurretik. Martitzenean [otsailak 27] eman zuten argitara, hain zuzen ere, Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko dute finala: “Maila goreneko lehiaketa batek merezi duen amaiera izango du, eta Eibarko Astelena pilotalekua primerako agertokia da emakumeen esku pilotak handitzen jarrai dezan”. Bertaratzeko aukerarik ez dutenek, ETB 1ek zuzenean eskainiko du finala.

Jon Iraola Eibarko alkatea, Vanesa Hortas Eibarko alkateordea eta Maria Fuentes Emakume Master Cup zirkuituko zuzendari teknikoa.Emakume Master Cup