Itsas hondoko "munstroak" ikusgai ipiniko dituzte Karmeldarren aretoan
Markina-Xemeingo Karmeldarren aretoan 'Oceanus Plasticus' erakusketa ikusteko aukera egongo da, zapatutik [otsailak 21] martxoaren 5era.
Markina-Xemeingo karmeldarren aretoak itsas hondoaren itxura hartuko du zenbait egunez. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, Oceanus Plasticus erakusketa helduko da bertara, eta zapatutik [otsailak 21] martxoaren 5era egongo da ikusgai.
Erakusketak Erdi Aroko mapetan agertzen ziren itsas munstroen ideia du abiapuntutzat: “Erdi Aroko kartografietako bestiarioetan itsasoari buruz zabaltzen ziren ohartarazpen eta madarikazioen bertsio morderno gisakoa da erakusketa”. Izan ere, garai hartan, mapagileek itsas bidaiari eta marinelei ohartarazteko marrazten zituzten izaki arraro eta beldurgarriak, “itsasoa leku arriskutsua zela adierazteko”; orduko bizipenak gaur egunera ekarri, eta “giza portaeraren ondorio latzak” irudikatu dituzte Oceanus Plasticus erakusketan, modu poetiko batean: “Baliabide naturalen aukerak urratzeko harrokeria desafiatzailea du ezaugarritzat”.
Hala, erakusketan “itsas izaki beldurgarriak” ikusi ahal izango dira: “Espezie ozeanikoen eta gizakiak gure itsasoetan baztertutako hondakin plastikoen arteko elkarrekintzatik sortzen diren izakiak bildu ditugu, eta plastikoek eragindako kutsadura itsas bizitzaren aberrazio berrien sorburu gisa irudikatu dugu”. Modu horretara, zubi bat eraiki nahi izan dute Erdi Aroko irudimeneko munstroen eta gaur egun sortzen ari diren “benetako itsas munstro berrien” artean.
Erakusketaren egileak Leire Fernandez eta Eduardo Herrera irakasleak dira, eta Plentziako Itsas Estazioarekin egindako diseinu grafikoko proiektu baten emaitza da, EHUko Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinu Graduan egindakoa.
Hausnarketarako bidea. Erakusketaren bitartez hausnartzera gonbidatu nahi dituzte ikusle denak: “Munstroekin herritar guztiak, adinekoak zein txikiak, harritu, kezkatu eta bultzatu nahi ditugu, ozeanoen egungo eta etorkizuneko errealitatea zalantzan jartzeko. Izaki kimeriko horiek gure sentimenduen sakonean murgiltzera bultzatzen gaituzte”. Itsas biodibertsitateko organismoen eta egunerokoan erabiltzen eta botatzen diren plastikozko objetuen arteko hibridazioarekin ikuslearen sentimenduan eragin nahi dute, itsasoaren zaintzaren garrantzia azpimarratuz.
Erakusketa ikusi nahi dutenek, honako ordutegian zabalduko dute aretoa: eguenetan 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; barikuetan 17:00etatik 20:00etara; zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta domeketan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
