Mutrikuarrek Gipuzkoako herriarteko bertso txapelketan parte hartuko dute
Arnoate eta Alkolea taldeek Gipuzkoako herriarteko bertso txapelketan parte hartuko dute. Debabarrenako lehenengo kanporaketa bihar [otsailak 20] izango da, 20:00etan, Soraluzen.
Arnoate taldea. Bertsozale Elkartea. Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketari ekingo diote mutrikuarrek bihar [otsailak 20] Soraluzen. Mutrikuko Arnoate taldekoek Eibarko Xarmaginak taldekoen kontra lehiatuko dute kanporaketa. «Gipuzkoako bertso mugimenduan parte hartzen duten kideekin auzolanean antolatutako ekimena da Gipuzkoako herriartekoa», azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, ekimenaren helburua da tokian tokiko bertsolaritza hauspotzea da, eta horretarako, herrietako gai jartzaile, bertsolari, epaile eta antolatzaileak dira protagonistak; oholtza gainean eta oholtzatik kanpo.
Hala, 57 taldek hartuko dute parte herriartekoan: «Taldeka parte hartzeak ekimenaren ardatza gozamena izatea bultzatzen du lehia eta jolasa uztartuz». 57 taldeen artean bi dira mutrikuarrak: Arnoate eta Alkolea. Xabi Astigarraga, Alexander Idoeta, Bihotz Basterretxea eta Antton Aizpuruak osatu dute Arnoate taldea, eta Iñigo Arrizabalaga, Peru Vidal eta Malen Aldalurrek Alkolea. Gainera, gaurko kanporaketan, Udane Mugerza mutrikuarrak egingo ditu epaile lanak, Peru Alberdi eta Amaia Argaraterekin batera. Gai jartzailea, berriz, Martin Azkarate izango da.
Alkolea taldea, ostera, Eibarren ariko da otsailaren 27an, 20:15etik aurrera. Bertan, Soraluzeko BertSora taldearen aurka arituko da. Gainera, Soraluzeko taldeko kide da Josune Aramendi markina-xemeindarra. Gai jartzaile lanetan Maialen Bergara ibiliko da, eta epaileak Abel Irizar, Amaia Argarate eta Peru Alberdi izango dira.
Bestalde, finala Mutrikun jokatuko dute martxoaren 14an, 20:00etatik aurrera.
Egin beharrekoak. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, taldekako agurrekin hasiko dira bertsolariak, eta ondoren, ofizioka arituko dira, zortziko txikian, eta bakoitzak hiruna bertso botako ditu. Gero, Iparragirre doinuan, hiruna bertso botako dituzte ofizioka, eta amaiera emateko, bi bertso botako dituzte zortziko handian. Bigarren zatian, bertsolariek bakarka botako dituzte bi bertso, eta ondoren, lau oinak emanda, bi bertso botako dituzte zortziko txikian. Gero, librean ariko dira bost minutuz, eta agurren aurretik, egoera bana emanda, koplatan ibiliko dira, taldeko launa kopla botaz.

Alkolea taldea. Argazkia: Bertsozale Elkartea.