Mutrikuko Langatxo eta Iruroin kobazuloei buruz arituko dira Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta, Jesus Tapia Sagarnak Mutrikuko bi kobazuloen inguruko azken ikerketen emaitzak aurkeztuko ditu astelehenean [otsailak 23].
Zientziaren Giltzak elkarteak hitzaldi antolatu du datorren astelehenerako [otsailak 23], 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean. Oraingoan, Jesus Tapia Sagarna arkeologoak Mutrikuko Langatxo eta Iruroin kobazuloetan egindako azken ikerketen emaitzak aurkeztuko ditu.
Bi aztarnategiek azken glaziazioaren amaierako (Magdalen aldia, duela 14.000 urte inguru) giza okupazioak gordetzen dituztela azaldu du arkeologoak. 1980 inguruan Munibe Taldeak aurkitu zituen, eta 90eko hamarkadan F. Zumalabek induskatu zituen; hala ere, ordura arte ez ziren emaitza zientifikoak argitaratu.
Azken urteotan egindako materialen berrikuspen sakonari, datazio berriei eta analisi espezializatuei esker, ikerketaren ondorioak argitaratu berri dituzte. Hitzaldian azalduko diren emaitza nagusien artean, hiru nabarmendu ditu Tapiak. Batetik, bi kobazuloetako okupazio-sekuentzia uste baino zabalagoa dela, eta Holozenoaren hasierako faseak ere barne hartzen dituela —egungo fase klimatikoari dagozkionak—. Bestetik, itsasotik gertu egon arren, itsas baliabideen ustiapena nahiko urria izan zela azken glaziazioaren amaieran, eta Holozenoan soilik areagotu zela. Eta, azkenik, tresneria egiteko erabilitako materialen artean elur-oreinaren adarrak eta zetazeoen hezurrak identifikatu dituztela, garai hartako baliabideen erabilera eta ingurumen-baldintzak hobeto ulertzeko “pista esanguratsuak” emanez.
Tapiaren ibilbidea. Jesus Tapia Sagarna biologoa da, Iruñean ikasketak amaitu ondoren nazioarteko hainbat erakundetan aritutakoa; besteak beste, Norvegian (UiT), Gaztelan (iuFOR), Frantzian (INRA), Suedian (SLU) eta NEIKERen. Basogintza jasangarrian doktorea, baso-ekologia kimiko, espazial eta aplikatuan jardun du, bereziki baso izurriteen eta espezie inbaditzaileen eraginean eta kudeaketan. Gaur egun, Gaztela eta Leongo Cesefor fundazioan dihardu lanean, basogintza eta baso-inbentarioen arloan.