Lilatoiko talde jendetsuenaren saria eskuratu dute ondarrutarrek
133 emakumek parte hartu dute Ondarroako Etxelila Aringaingan taldeagaz.
Ondarroako Etxelila Aringaingan taldea, Lilatoian. Etxelila Aringaingan. 6.500 emakumek zeharkatu zuten atzo [domeka] Lilatoiko helmuga, eta Lea-Artibai eta Mutrikutik ere ez ziren gutxi izan bertaratu zirenak. Gainera, Ondarroako Etxelila Aringaingan taldeak talde jendetsuenaren saria irabazi zuen: 133 emakume joan ziren Donostiara Ondarroatik.
“Ekitaldi hau ez da lasterketa bat soilik, feministamoaren aurrerabidearen ospakizun bat ere bada”, azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, “osasuna, inklusioa eta talde lana” sustatuz, kirolaren bidez emakumeen ahalduntzea lortu nahi duen ekitaldia da Lilatoia. Hala erakutsi dute talde lanaren garrantzia ondarrutarrek 36. Lilatoian: “Iaz 122 emakumek egin genuen korrika Lilatoian, eta talde handienaren hirugarren saria eskuratu genuen; aurten, 133 emakumegaz, lehenengo saria ekarri dugu Ondarroara”.

Etxelila Aringaingan taldeak lortutako saria.Etxelila Aringaingan.
Lilatoia. Bost kilometroko ibilbidea osatu zuten korrikalariek atzo, eta jendetza egon zen errepide bazterretan lasterkariak animatzen. Gainera, eguraldia lagun, giro “ederra” sortu zen Donostian. Mikele Zurutuza legazpiarra izan zen lehena helmuga zeharkatzen, 18 minutu eta 34 segundoko denboragaz; Itziar Ibarbiak eskuratu zuen bigarren postua, eta Maitane Guerrerok hirugarrena.
Antolatzaileek adierazi dutenez, hastapenetatik “asko” hazi da lasterketa: “1990. urtean 190 emakumek hartu zuten parte, iaz 6.235ek, eta aurten 6.500ek”.