Denboraldiko lehen antxoa kiloak 4,16 eurotan saldu dituzte Ondarroan
Gaur [otsailak 3] hasi da antxoa arrantzatzeko kanpaina, eta Ondarroako portura goizean goiz heldu dira lehenengo txalupak. Guztira 3.700 kaxa heldu dira, eta 4,16 euro eta 2 euro artean saldu dituzte.
Antxoaren kanpaina hasi berri da eta lehen ontziak gaur [martxoak 3] goizean iritsi dira portuetara. Ondarroan guztira 3.700 kaxa antxoa porturatu dituzte, 29 txalupak harrapatuta. Lehenengo ontzia 07:00ak aldera heldu da, eta gainerakoak 09:30ak bitartean iritsi dira.
Ondarroako kofradiako ordezkariek jakinarazi dutenez, aurtengo lehenengo antxoek “tamaina polita” dute: kiloko 46-51 ale artekoak dira. Guztira, 3.700 kaxa horiek 30.000 kilo inguru dira. Prezioari dagokionez, kiloa 4,16 eurotik 2 eurora artean saldu da; merkeago ere bai, kalitatearen arabera. Kofradiako ordezkarien esanetan, aurtengo antxoaren tamainak merkatu hobea du: “Beste urte batzuetan izan da 60 ale kiloko, eta hori txikia da, horrek merkatu txikia dauka. Aurtengo tamainak merkatu politagoa dauka”.
Arrantza eremuei dagokienez, Donostiako Groseko parean eta Ondarroa eta Lekeitio artean ibili dira ontziak. Batzuek Hondarribiko eta Getariako portuetan egin dute deskarga; beste batzuk Ondarroara joan dira, tartean Kantabriako eta Bizkaiko ontziak, eta Galiziako ontziren bat ere bai. Urbegi txalupa galiziarra izan da porturatzen lehena, eta Montserrat bertoko itsasontzia, ostera, bigarrena.
Lehen antxoak heldu arren, Ondarroako portuan gehien sartu den arraina sardina izan da gaur: guztira 15.000 kaxa inguru. 0,70 euro inguruan saldu dela adierazi dute kofradiako kideek, kiloko 40-50 ale ingururekin.
Kanpainaren hasiera, hala ere, ez da ziurra izan azken unera arte. Arrantzaleak batzartuta ibili dira, eta atzo [martxoak 2] 22:00ak arte ez zekiten itsasoratu ahal izango ziren ala ez: “22:00etan bidali zuten administrazio zentraletik arrantzatzeko baimena, eta orduan arrankatu zuten”. Itsasoan ontzi asko elkartu dira, 150 eta 200 artean; besteak beste, Hondarribiko eta Getariako ontziak, baita Kantabriakoak ere: “Gaur uste dut lasaiago ibiliko direla arrantzatzen, eta bihar zerbait gehiago heldu daiteke portura. Sardina dagoen bitartean, sardinak apur bat garbitu beharko dira… Sasoia da harrapatzeko eta harrapatuko dute, eguraldia ere edarra dago emanda ostegunera arte-eta”.
