Mugartegi-Watkins eta Arakistain-Goikoetxea bikoteen lehen kolpea mahai gainean
Erika Mugartegik eta Frida Watkinsek Euskotren Winter Seriesen finalaurrekoetarako sailkapena lortu dute, Lur Lejardi eta Maialen Aldazabal 2 eta 0 garaitu ondoren. Beste final-laurdena estuagoa izan da, hiru setetara; Ihart Arakistain eta Maia Goikoetxea Maite Ortiz de Mendibili eta Oaia Otañori nagusitu zaizkie.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Erika Mugartegi markina-xemeindarrak eta Frida Watkins zumaiarrak Euskotren Winter Series txapelketa irabazteko hautagaien artean daudela frogatu zuten atzo [martxoak 2], Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Bi setetan menperatu zituzten Lur Lejardi markina-xemeindarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra, txapelketa poltsikoratzeko beste bikoteetako bat.
Lehen setean, Mugartegik eta Watkinsek gogotik lan egin behar izan zuten, batez ere, Lejardiren ekinagatik; azken haren esplosibotasuna eta erremateetarako abilezia traba izan ziren, are gehiago, atzealdeko koadroetan ohiko segurtasuna kantxaratu zuen Aldazabal bikotekidearekin. Mugartegiren potentziak eta Lejardiren abiadurak tupust egin zuten aurrean, ikusleei lehendabiziko set gogoangarria oparituz: 179 pilotakada on jaurti zituzten lehen borrokaldi hartan. Edozelan ere, Lejardik hormara errebeskadaz jaurtitzerakoan huts dezente ere egin zituen.
Mugartegi eta Watkins markagailuan atzetik joan ziren hamahiruna berdindu arte. Gipuzkoarrak zabaletara jaurtitako pilotakadak tanto bateko aldea eman zien hari eta Mugartegiri, baina Aldazabalek atoan berdindu zituen gauzak. Kale edo bale eginda, Mugartegik atera bidalitako misilak biribildu zuen seta: 15 eta 14, markina-xemeindarraren eta zumaiarraren alde. Bigarren setean, jokoa zertxobait amatatu zen, bikote bien ala bien akatsek gora egin ahala. Seiko berdinketatik aurrera, Mugartegi eta Watkins partidua bideratzeko gai izan ziren, eta ordutik amaierara artean aurrea hartuta jokatu zuten: 13 eta 7koa, lehenik; 14 eta 8koa, jarraian; 15 eta 10ekoa, azkenean. Atzoko garaileek Elaia Gogenola berriatuarraren eta Eneritz Lizardi mutrikuarraren kontra jokatuko dute finalerdia hurrengo astelehenean [martxoak 9], finalerako txartelaren bila.
Goikoetxearen eskuma.
Beste final-laurdena are estuagoa izan zen. Maia Goikoetxea izan zen lehen seteko protagonista nagusia: atzelari berriatuarrak argi-itzaldun partidua jokatu zuen. Ihart Arakistain sopeloztarrarekin bikotea osatuta, Goikoetxeak bere potentziaren eta errebesaren goi maila plazaratu zuen jokaldi batzuetan, baina beste hainbestetan akats esanguratsuak egin zituen. Tonu apalagoarekin baina eraginkortasunez, Maite Ortiz de Mendibil andetxarrak eta Oaia Otaño mutrikuarrak behetik gorako seta egin zuten, eta 15 eta 13 gailendu ziren lehenengo setean.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarrenean, mutrikuarraren mailak behera egin zuen, batik bat, estreinako saioan jasandako pilotakadenpresioa tarteko. Nekeak bere bidea egin zuen eta, testuinguru hartan, arabarrak eta gipuzkoarrak norgehiagoka errotik biribiltzeko aukera aparta eduki zuten. Markagailuak 8 eta 3koa bistaratzen zuela, Otañok huts bat egin zuen. Ondoren, Arakistainen errebote boteretsu bik, Goikoetxearen eskumakada gaindiezin batek eta mutrikuarraren beste hutsegite bik egoera orekatu zuen. Hamaika, hamabi eta hamahiruna berdindu ostean, Goikoetxeak lehen seteko markagailua iraulita lortu zuen bigarrena, 13 eta 15.
Hirugarren setean, tentsioaren kudeaketak lanak eman zizkien pilotariei eta, egoera hartan, Ortiz de Mendibil agertu zen. Tanto erabakigarri bi egin zituen, baina ez zen markagailuan pitzadura sortzeko nahikoa izan. Hain zuzen, launa berdintzera ere iritsi ziren puntistak, hautagaitzarik ezaren zantzu. Azken tantoan zirt edo zart egin behar izan zuten laurek. Bigarren setean egin legez, Goikoetxearen eskumakada arduratu zen seta osatzeaz eta finalaurrekoetarako bidea argitzeaz: 5 eta 4, Arakistainen eta Goikoetxearen alde. Irabazleek, hilaren 16an, egungo txapeldunen aurka jokatu beharko dute, etxeko puntista Helena Barrenetxearen eta Arai Lejardi markina-xemeindarraren kontra.