Askotariko ekintzak antolatu ditu martxorako Mutrikuko Gazte Asanbladak
Mutrikuko Gaztetxearen 25. urteurrenaren harira, hilabete osoko egitarauak antolatzen dabiltza Gazte Asanbladako kideak. Otsailekoa atzean utzita, martxoko egitarauari hasiera eman zioten domekan [martxoak 1]
Iagomagoren ikuskizuna Mutrikuko Gaztetxean. Mutrikuko Gazte Asanblada. Mutrikuko Gaztetxearen 25. urteurrena dela eta, askotariko ekintzak antolatu ditu Gazte Asanbladak, 25 urte, ezto mugaik! lelopean. Hilabetero ekintza ezberdinez osatutako egitaraua kaleratzea da helburua; beraz, otsaileko egitaraua atzean utzita, domekan [martxoak 1] eman zioten hasiera martxokoari Volver a Vitoria 3.3.76 dokumentalaren proiekzioarekin.
Martxoaren 3a eta 8a ere borobilduta dauzkate egutegian; izan ere, atzo [martxoak 3] 50 urte bete ziren 1976ko Gasteizko sarraskitik, eta aldarrikapenez bete ziren Gasteizko zein Euskal Herriko txoko ezberdinak.
Martxoaren 13an [barikua] Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko hitzaldia egongo da gaztetxean, 17:30ean, Saturraran Elkartearen eskutik, eta ondoren, 19:00etan, Balira irakurle taldeak Marjane Satrapiren Persepolis liburua lantzeko hitzordua izango du. Hurrengo egunean, zapatuan [martxoak 14], Gipuzkoako herriarteko bertso txapelketako Debabarrenako kanporaketaren finala egongo da.
Musikaz gozatzeko tartea ere edukiko dute mutrikuarrek. Martxoaren 20an [barikua] Deus ez eta Superlore taldeen kontzertuak egongo dira gaztetxean, MRK kolektiboaren eskutik, eta martxoaren 21ean Oihu Bat Palestinara jaialdirako autobusa aterako dute, Mutrikutik Durangora joateko.
Martxoaren 25ean [eguaztena] Korrika pasako da Mutrikutik; beraz, gazte asanbladatik gazte kilometrora batzeko deia egin dute. Gainera, martxoaren 27an Gazteak eta Euskara mahai-ingurua entzuteko aukera egongo da. Hala ere, aurretik, martxoaren 26an, Ahoztar Zelaietak El Pradalismo: El ocaso de los JoBuBi liburua aurkeztuko du. Martxoko egitarauari Berdel Egunean [martxoak 28] emango diote amaiera: gaztetxea zabalik egongo da.