Master 40 txapelketak emozioz beteriko jardunaldiak utzi dituzte Trinketean
Latxi eta Madariaga domekan Lander eta Egañaren aurka ariko dira bigarren finalaurrekoan, eta Rober eta Telleria lehen finalistak dira jada.
Domeka honetan, 10:00etan, Master 40eko bigarren finalaurrekoa jokatuko da Trinketean: Latxi/Madariaga eta Lander/Egaña aurrez aurre ariko dira finalerako txartelaren bila. Lehen finalaurrekoan Latxi eta Madariaga izan ziren garaile, baina ligillan Lander eta Egañak irabazi zuten; beraz, neurketa erabakigarria izango da.
Finalera heltzeko bi garaipen behar direnez, berdinketa gertatuz gero aste barruan jokatuko litzateke erabakigarria izango den hirugarren partida. Domekako hau izango da jardunaldiko partida bakarra eta ikusmin handia sortu du.
Joan den astean jokatu zen lehen finalaurrekoa, eta Rober (Bergara)/Telleria (Mallabia) 30-22 nagusitu zitzaizkien Apezetxea (Iruñea)/Aitzol (Lekeitio) bikoteari, finalerako lehen txartela eskuratuz. Hasieran 0-1 atzetik hasi baziren ere, berehala hartu zuten aurrea 3-1 jarriz. 3-3ko berdinketaren ondoren, 12-6ko aldearekin ihes egin zuten, Roberren sareko eraginkortasunari esker —guztira zazpi tanto lortu zituen— eta Telleriaren atzeko sendotasunari esker.
Apezetxea nafarrak, Trinketean lehen aldiz parte hartzen ari denak, partidaz partida hobekuntza nabarmena erakutsi zuen, eta gai izan zen Roberren abiadurari aurre egiteko. Aitzolek ere lan bikaina egin zuen, pilota guztiak bueltatuz eta partidako tantorik ederrena eginez dejada ikusgarri batekin. Hala ere, amaieran Rober eta Telleria nagusitu ziren, dejadak, sake tantoak eta bolea indartsuak baliatuz 30-22koa ixteko.
Bikote modura lehen finala izango dute, nahiz eta Telleriak txapelketa bi aldiz irabazi duen eta esperientzia handia duen txapela lortzen.
Master 60 txapelketa
Ondoren, Master 60eko ligillako partida jokatu zen: Jauna (Gartzaron)/Foster (Lekeitio) 30-23 gailendu zitzaizkien Astigarraga (Deba)/Beraza (Elgoibar) bikoteari. Hasiera oso parekatua izan zen, berdinketa askorekin (1-1, 2-2, 3-3, 4-4, 8-8), baina ondoren irabazleek alde handia zabaldu zuten 22-12 jarriz. Hala ere, Astigarragak —72 urteko beteranoak— eta Berazak ez zuten amore eman eta 25-23ra gerturatu ziren. Une erabakigarrian, bolea eder batek eta sake zein txaflan bidezko tantoek garaipena bermatu zuten 30-23koarekin.