Mutrikuko XLI. Atxukale Saria zapatuan jokatuko da eta inoizko parte hartzerik handiena izango du
200 junior txirrindulari bilduko dira 87 kilometroko proban eta I. Peio Arreituandia Memoriala ere ospatuko da.
Mutrikuk zapatuan hartuko du XLI. Atxukale Saria, 15:30etik aurrera junior mailako (16-17 urte) txirrindularien lasterketarekin. 87 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, eta aurten inoiz baino txirrindulari gehiago izango dira irteeran: guztira 200. Antolatzaileen arabera, sekula ez da hainbeste parte hartzailerik izan, eta horrek erakusten du probak urtez urte hartu duen indarra eta izena.
Mutrikuko Udalak antolatzen duen lasterketa honek “gero eta oihartzun handiagoa” dauka junior mailako egutegian, eta eguraldia edozein dela ere jokatuko dela baieztatu dute; euria eginda ere, proba aurrera eramango da.
Aurtengo edizioak, gainera, esanahi berezia izango du, I. Peio Arreituandia Memoriala ere ospatuko baita. Irteera aurretik minutu bateko isilunea egingo da, hizlari batek hitz batzuk eskainiko ditu eta aipamen berezia egingo zaio. Familia ezin izango da bertan egon, baina antolatzaileek omenaldi xume baina hunkigarria prestatu dute.
Lasterketak eragina izango du herriko eta inguruko errepideetan; beraz, antolatzaileek ohartarazi dute trafikoan aldaketak egongo direla eta komeni dela aurrez antolatzea arratsaldeko joan-etorriak.
Mutrikuk, horrela, txirrindularitzaz beteriko arratsalde handia biziko du, inoizko parte hartzerik handienarekin eta kirolaz gain oroimenari ere lekua egingo dion jardunaldi berezian.