Ondarroak VII. Jose Mari Naberan Herri Krosa hartuko du zapatuan eta jada 90 parte hartzaile ditu
Lasterketa inklusiboak hiru ibilbide izango ditu eta izen ematea barikura arte egongo da zabalik
Ondarroak datorren zapatuan [martxoak 7], 16:30ean, hartuko du VII. Jose Mari Naberan Herri Krosa. Lasterketa inklusibo honek adin eta maila guztietarako aukerak eskainiko ditu, eta dagoeneko 90 parte hartzaile daude izena emanda helduen probetan —haurrak zenbatu gabe—.
Aurtengo edizioan hiru ibilbide nagusi egongo dira. 16:30ean hasiko dira 10 kilometroko eta 5 kilometroko probak, 16 urtetik gorakoentzat eta 12 urtetik gorakoentzat hurrenez hurren. 17:45ean 600 metroko lasterketa jokatuko da, eta ondoren 150 metrokoa, LH2ra arteko umeentzat.
18:15ean egingo da sari banaketa eta zozketak parte hartzaileen artean. Gainera, omenaldi berezia egingo zaio Ondarroako Tripi Trap Udaleko Bolibol Taldeari. Sarituko dituzte lehen hiru neska eta lehen hiru mutilak, eta lehen ondarrutarra ere saritua izango da, baldin eta podiumera igotzen ez bada.
Izen ematea barikura arte egongo da zabalik, eta antolatzaileek parte hartzera animatu dute herritarrak eta ingurukoak. Probaren antolakuntza Zubi Zahar Herri Ikastolaren esku dago, eta urtez urte sendotzen ari den herri lasterketa bihurtu da, kirola, inklusioa eta giro ona uztartuz.
Ondarroak, beraz, kirol eta jai giroko arratsaldea biziko du berriro ere, Jose Mari Naberanen omenezko lasterketarekin.