Konbo kontzertuak musika eskolako 50 ikasle baino gehiago bilduko ditu zapatuan Lekeition
Sarrera librearekin, aforoa bete arte, Ikusgarri Zinema Aretoan egingo da.
Zapatu honetan, martxoaren 7an, Lekeitioko Ikusgarri Zinema Aretoa musikaz beteko da musika eskolako taldeen eskutik. 12:00etan hasiko den Konbo kontzertuan zortzi talde igoko dira oholtzara eta 50 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute. Sarrera librea izango da, aretoko aforoa bete arte.
Kontzertuan askotariko estiloak entzungo dira, besteak beste jazz, rock, folklorea, klasikoa, kamera eta fusioa. Errepertorioa zabala izango da, euskarazko abestiekin, klasikoekin, pieza modernoekin eta doinu folklorikoekin. Pieza batzuk ikasleek eurek moldatu dituzte, konbo bakoitzaren ezaugarrietara eta instrumentuetara egokitzeko. Gainera, hainbat ikasle abeslarik ere parte hartuko dute emanaldian.
Antolatzaileen arabera, kontzertuaren helburu nagusia musika eskolako ikasleei agertokian jotzeko eta euren lana erakusteko aukera eskaintzea da. Ekainean egiten den Aste Musikala oraindik urrun dagoenez, Konbo kontzertua urtean zehar antolatzen duten hitzordu garrantzitsuenetako bat bihurtu da.
Aurten hirugarren aldiz egingo dute ekitaldia, eta antolatzaileek azaldu dutenez, aurreko urteetan harrera oso ona izan du publikoaren aldetik. Normalean jende asko gerturatzen da kontzertura, familiek, lagunek eta musikazaleek ikasleen emanaldiaz gozatzeko.
Parte hartzaileen artean adin askotako ikasleak egongo dira. Gehienak 11 urtetik gorako gazteak badira ere, ikasle helduek ere parte hartuko dute, musika eskolako taldeek duten aniztasuna erakutsiz. Horrela, musika estilo eta belaunaldi desberdinak batuko dira zapatu goizean Ikusgarri Zinema Aretoan.