Feminismotik abiatutako "beste mundu baten" aldeko hautua
Martxoaren 8a tarteko, mobilizazioz nahiz bestelako jarduerez jositako asteburua dago aurreikusita eskualdeetan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak ipar eta hego euskal lurraldeetako hiriburuetan deitu ditu manifestazioak. Emakundek berdintasun guneak eremu guztietan "babesteko eta zabaltzeko beharra" azpimarratu du. Itaiak emakume langileen beharrentzako "proposamen iraultzaile" baten aldeko aldarrikapena egin du.
Martxoaren 8a heltzear da, eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrak aldarriak kaleratzeko hautua berresteko prest daude. Asko eta asko izango dira asteburu osoan egingo dituzten jarduerak, herriz herriko udalek, eragile taldeek, elkarteek edota alderdiek antolaturik. Domekan [martxoak 8], elkarretaratzeak izango dira han-hemen protagonista nagusiak, eskualdeen luze-zabalean.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak Hego zein Ipar Euskal Herriko hiriburuetan deitu ditu M8ari dagozkien manifestazioak. Bizkaikoa, beraz, Bilbon egingo dute; Jesusen Bihotzetik abiatuko dira, etzi, 12:00etan. Gipuzkoako hiriburuko manifestazioa ordu berean abiatuko dute, Antiguako tuneletik. Beste mundu bat feminismotik leloaren pean, kolektibo feministak aditzera eman du “noraeza, etsipena eta beldurra” nagusitzen ari diren garaiotan, ez daudela inolaz ere “isilik eta otzan” geratzeko prest; “sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta arrazistari” aurre egiteko hautua irmoki plazaratu dute.
Desberdinkeriak “hauspotzen” eta askotariko zapalkuntzak “betikotzen” ari direla azpimarratu dute mugimenduko kideek, eta injustizia hori “errealitate materialean” suma daitekeela argitu: “Etxebizitzarako sarbidea nork daukan eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, hainbat eskubideren jabe nor den eta nor ez; finean, nori eragiten dion geroz eta gehiago sistemak”.
Alde horretatik, erakundeei leporatu diete feminismoaren diskurtsoaz “bereganatu” izana, baita “feminismoak aitzakia hartuta” mezu arrazistak “zabaldu” izana ere. Hala, mugimendu feministak oraindik “egiteke” dituen aurrerapausoez ohartarazita, gogoratu dute ekiteko ardura ez dela soilik feministena: “Instituzioek, patronalek, gizonezkoek eta sistema hau betikotzen dutenek dagokien erantzukizuna hartu behar dute”.
Feminismoa ardatz, mugimendu feministak martxoan zehar bat egingo du bestelako deialdiekin ere: hilaren 17an, gutxieneko soldata propioaren alde euskal sindikatuen gehiengoak deitutako greba orokorrean parte hartuko dute; martxoaren 21ean, Arrazakeriaren Kontrako Egunez, presente izango dira; hilaren 30eko etxeko eta zaintzako beharginen eguneko mobilizazioetan parte hartzeko deia ere luzatu dute; azkenik, 31ko transen ikusgaitasunaren egunarekin ere ahaidetuko dira.
Feministek elkarlanerako bidezidorrari ez diote muzinik egin gura, aliantzak josteko prest azaldu baitira: “Elkarrekin zein subalternitate propioetatik, denetariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistemari eman diezaiogun erantzuna, askotariko gorputzetatik nahiz borroketatik”.
Agendetatik kaleetara.
Itaiak ere hiriburuetan zein herrietan ia 30 mobilizazio —Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionen, beste 22 udalerriz gain— deitu ditu mobilizazioak, Emakume langileok askatzeko batu borrokara! leloarekin.
Emakumeon Antolakunde Sozialistak Martxoaren 8a moduko egun seinalatua protokoloen dinamiketan erortzeko arriskuaz ohartarazi zuen iragan hilabetean biribildutako Itaiaren I. Kongresuaren amaiera ekitaldian, eta kinka hori berretsi dute, domekari begira: “Ezin dugu onartu Emakume Langileon Nazioarteko Eguna erakundeen eta enpresen agenden baitako egun protokolario bat izatea. Borroka egun batek ez luke kontsentsua bilatzeko izan behar, eta ezin du gizartearen batasun abstraktua bilatu”.
Borroka instituzionalaren aurretik kale mailako aldarria haizeratu gura dute antolakundeko kideek, M8aren “izaera borrokalaria eta iraultzailea” erreibindikatuz: “Gure pobreziaren arduradunak, erasotzaileak, garaikur edo objektu gisa tratatzen gaituztenak eta gure aldarrikapenak edukiz husten dituztenak seinalatzeko eguna da”.
Kaleak hartzeko “hamaika arrazoi” dituztela nabarmenduta, krisialdi ekonomikoak “milaka eta milaka” emakume langileren miseria egoera “areagotu” egin duela adierazi dute. Hori gutxi ez, eta “egiturazko langabezia, lanaldi partzialak edota zaintza lanean ugaritzea” azpimarratu dituzte.
Faxismoaren gorakadarentzako berbak ere badituzte Itaiako kideek: “Faxismoaren zabalkundeak ideia matxistak indartu baino ez ditu egiten; adierazpen faxistek matxismoa bera ukatzen dute, eta emakumeen aurkako neurri zuzenak proposatzen dituzte”. Horri aurre egiteko, emakumezko langileen beharrak aintzat izango dituen “alternatiba iraultzailea” eraikitzeko deia egin dute.
‘Eman tokia berdintasunari’.
Bestalde, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek zein EUDELek bat egin dute Emakundek plazaratutako Eman tokia berdintasunari izeneko kanpainarekin. Aurrerapen sozialen “bidea estutu” gura duten diskurtso “antifeministen” aurrean, emakumeen eskubideen lorpen prozesuan “aurrera egiten jarraitzeko” aldarria biltzen du horrek.
Otsailaren 23an hasi eta domekara arte martxan egongo den kanpaina eguneroko bizitzaren “eremu guztietan” berdintasun guneak “babesteko, defendatzeko eta zabaltzeko” gonbita da, “berdintasuna ez baita bermatutako lorpena, zaindu eta babestu beharreko espazioa baizik”.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak ohartarazi duenez, berdintasunaren aurrerapenen eta feminismoaren lorpenen aurrean, “mundu mailako erantzuna” dago: “Diskurtso horiek aurrera egiten duten bakoitzero, berdintasunak atzera egiten du; mehatxuaren aurrean, eta atzera bueltarik ez izateko, berdintasunaren espazioa babestu behar dugu, inongo atzerapausorik egon ez dadin”.