
Epe luzeko prozesuaren ostean, Berdintasun Kontseilu Herritarra sortu dute Lea Ibarra eskualdean. Besteak beste, emakumeen parte hartze soziopolitikoa sustatu, herrien zein norbanakoen arteko sareak sortu eta berdintasun politikak indartzea ditu helburu. Martxoaren 8aren bueltan, kontseiluaren irudia sortzeko logo lehiaketa jarri dute martxan.

Biobizkaian, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleari lotutako ikerketa zentroan, minbizi solidoaren aurkako immunoterapia ikertzen dute NK zelulak indartuz, eta bertan lanean ari da Ainhoa Iturbe Larrondo.

Martxoaren 8a tarteko, mobilizazioz nahiz bestelako jarduerez jositako asteburua dago aurreikusita eskualdeetan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak ipar eta hego euskal lurraldeetako hiriburuetan deitu ditu manifestazioak. Emakundek berdintasun guneak eremu guztietan "babesteko eta zabaltzeko beharra" azpimarratu du. Itaiak emakume langileen beharrentzako "proposamen iraultzaile" baten aldeko aldarrikapena egin du.