Berriatuak Bizipoza jaia hartuko du maiatzean Lea-Artibain 420 kilometroko erronka solidarioarekin
Helmugak proiektuak, eskualdeko udalek eta Bizipoza egitasmo sozialak elkarlanean antolatu dute ekimena, ikastetxeetan aurrelanak eta maiatzaren 24an festa handi bat barne.
Berriatuak hartuko du aurten Lea-Artibai eskualdeko Bizipoza jaia, kirola, kultura, euskara eta elkartasuna uztartuko dituen ekimen zabala. Egitasmoa maiatzaren 24an ospatuko den jai handi batekin amaituko da, baina aurretik hainbat jarduera eta lanketa egingo dira eskualde osoan.
Aurkezpenean azaldu zuenez, Berriatuako alkateak poz eta harrotasun handiz hartu du herriak ekimen honen aurkezpena eta ospakizuna hartzea. Azpimarratu zuen halako egitasmoek bizipoza eta jaia bezalako balioak ekartzen dituztela gizartera, eta aukera paregabea direla eskualde osoarekin batera partekatzeko. Halaber, nabarmendu zuen jaiak ez duela herri bakar baten izaera izango, baizik eta Lea-Artibai osokoa, eta udalek zein herritarrek elkarrekin bultzatuko dutela.
Helmugak proiektuaren arduradunak azaldu zuen ekimenaren jatorria 2015ean dagoela, Titan Desert lasterketan parte hartu ondoren sortutako ekimen solidario batean. Ordutik, Helmugak proiektuak lau balio nagusiren inguruan garatu du bere jarduna: euskara, kirola, natura eta pertsonak. Denborarekin, pertsonen eta elkartasunaren balioak gero eta indar handiagoa hartu du proiektuan.
2024an erronka solidario bat antolatu zuten Aspanovas, Aspanogi, Arnasa eta Bihotzez bezalako elkarteei laguntzeko. Berriatuako herritarren erantzuna oso handia izan zen, eta antolatzaileen esanetan herri oso baten erronka bihurtu zen, adin guztietako herritarrek parte hartu baitzuten modu batean edo bestean. Esperientzia horrek bultzatu ditu egitasmoa eskualde osora zabaltzera.
Bizipozako ordezkariak azaldu zuenez, gaur egun egitasmoak Euskal Herri osoko 39 elkarte biltzen ditu. Elkarte horiek haurrek eta familiek osatzen dituzte, eta askotariko errealitateak lantzen dituzte: gaixotasunak, aniztasun funtzionala, familia eredu desberdinak, sexu eta genero identitatea edota kulturartekotasuna. Helburu nagusia gizarte inklusiboago bat eraikitzea da, euskaratik eta euskaraz.
Egitasmoak aurrelanketa bat izango du maiatzera arte. Batetik, eskualdeko ikastetxeetan Bizipoza Eskolaren bidez lanketa pedagogikoa egingo da, ikasleek egitasmoaren balioak ezagutu ditzaten. Bestetik, herriz herri aurkezpenak egingo dira herritarrak eta eragileak proiektura gerturatzeko.
Ekitaldi nagusiak maiatzaren 22tik 24ra bitartean egingo dira. Lehenengo bi egunetan Helmugak taldeak erronka kirol bat burutuko du: 24 ordutan Lea-Artibaiko 12 herriak lotuko dituen 420 kilometroko ibilbidea egingo dute, 8.500 metroko desnibel metatuarekin.
Amaiera maiatzaren 24an izango da, Berriatuan ospatuko den egun osoko jai batekin. Bertan Bizipozako elkarteak egongo dira, baita eskualdeko beste eragile batzuk ere, eta tailerrak, jolasak eta ikuskizunak antolatuko dira. Antolatzaileek aurreratu dutenez, besteak beste Porrotx eta Marimotots pailazoak ere bertan izango dira.
Antolatzaileek nabarmendu dute egitasmoaren helburua eskualde osoaren arteko elkarlana indartzea dela, eta jaiaren bidez elkartasuna, bizipoza eta euskara sustatzea Lea-Artibai osoan.