Berriatuak Bizipoza jaia hartuko du maiatzean Lea-Artibain 420 kilometroko erronka solidarioarekin
Helmugak proiektuak, eskualdeko udalek eta Bizipoza egitasmo sozialak elkarlanean antolatu dute ekimena, ikastetxeetan aurrelanak eta maiatzaren 24an festa handi bat barne.
Berriatuak hartuko du aurten Bizipoza Jaia, kirola, kultura, euskara eta elkartasuna uztartuko dituen ekimen zabala. Ispasterren bariku arratsaldean egindako aurkezpenean, egitasmoaren datak finkatu zituzten. Bizipoza Jaia maiatzaren 24an ospatuko den jai handi batekin amaituko dute Berriatuan, baina aurretik hainbat jarduera eta lanketa egingo dituzte eskualde osoan barrena.
Aurkezpenean azaldu bezala, Joseba Goienola Berriatuko alkateak “poz eta harrotasun handiz” hartu du herriak ospakizun hori hartzea: “Berriatura jende askoren ekimenez, elkartasunez eta lanez etorri zen Bizipoza Jaia antolatzeko aukera, eta ez genuen zalantzarik izan. Begitandu zitzaigun bat egiten duela eskualdeko udalen eta gizartearen balioekin”. Izan ere, nabarmendu zuen jaiak ez duela herri bakar baten izaera izango, baizik eta Lea-Artibai osokoa, eta udalek zein herritarrek elkarrekin bultzatuko dutela. “Ez da erraza daukagun zereginetan eta daukagun egunerokotasuneko lanetan horrelako ekimen baten garrantzia detektatu eta haren aldeko apustu garbia hartzea. Eta proiektua aurkeztu zitzaienean, baiezkoa erabatekoa izan zen Lea-Artibaiko hamabi herrietan”.
Goienolak gaineratu zuen halako egitasmoek bizipoza eta jaia bezalako balioak ekartzen dituztela gizartera, eta “aukera paregabea” direla eskualde osoarekin batera partekatzeko. Horren erakusle, Bizipoza Jaia aurkezteko erabilitako hitzak gogorarazi zituen, eskualdeagaz bat egiten dutela gehitzeagaz gainera: “Euskaraz elkartasuna sustatu nahi dugu, auzolanaren bidez bizipoza nagusitu dadin”.
Ander Txakartegi Helmugak proiektuaren arduradunak azaldu zuen ekimenaren jatorria 2015ean dagoela, Titan Desert lasterketan parte hartu ondoren sortutako ekimen solidarioan. Ordutik, Helmugak proiektuak lau balio nagusiren inguruan garatu du bere jarduna: euskara, kirola, natura eta pertsonak. Denborarekin, pertsonen eta elkartasunaren balioak “gero eta indar handiagoa” hartu du proiektuan.
Leire Elizegi Bizipoza Elkarteko ordezkariaren hitzetan, gaur egun egitasmoak Euskal Herri osoko 39 elkarte biltzen ditu. Elkarte horiek haurrek eta familiek osatzen dituzte, eta askotariko errealitateak lantzen dituzte: gaixotasunak, aniztasun funtzionala, familia eredu desberdinak, sexu eta genero identitatea eta kulturartekotasuna.
Helburu nagusia da gizarte inklusiboagoa eraikitzea, euskaratik eta euskaraz: “Helburua denona eta denontzat beharko lukeen Euskal Herri inklusiboa eraikitzea da. Elkartuta beste indar bat, beste bozgorailu bat lortzen dugu. Horregatik ari gara egunerokoan lanean”. Eta, elkarte horiek egunero lantzen dituzten gaiak eta transmititzen dituzten balioak “gizarteratu” gura dituzte, “sentsibilizazioan eraginez”.
Eskualdeko ikastetxeetan
Egitasmoak hiru oinarri izango ditu: aurrelana, bizipoza eskolaren lanketa eta jaia bera. Aurre-lanketa maiatzera bitartekoa izango da. Bestetik, eskualdeko ikastetxeetan Bizipoza eskolaren bidez, lanketa pedagogikoa egingo dute, ikasleek egitasmoaren balioak ezagutu ditzaten; hain zuzen ere, bai Bizipoza, bai Helmugak proiektuak landuko dituzte, Bibitxa kolektiboaren eskutik: “Era berean, Aspanogi eta Aspanovas aurkezteko bideak ere zabalduko ditugu”. Eta, horrez gain, herriz herri aurkezpenak egingo dituzte, herritarrak eta eragileak proiektura gerturatzeko asmoz.
Ekitaldi nagusiak maiatzaren 22tik 24ra bitartean egingo dira. Lehenengo bi egunetan, Helmugak taldeak kirol erronka burutuko du: 24 ordutan Lea-Artibaiko hamabi herriak lotuko dituen 420 kilometroko ibilbidea egingo dute bizikletaz, 8.500 metroko desnibel metatuarekin; izan ere, sei itzuli emango dizkiote prestatuko duten ibilbideari. Maiatzaren 22an, 22:00etan abiatuko dute erronka, eta hurrengo eguneko ordu berean amaituko dute, eta Berriatua izango da irteera eta helmuga tokia.
Eta, maiatzaren 24an ailegatuko da jai handia Berriatuara, egun osoko jaiarekin. Bizipozako elkarteak eta eskualdeko beste eragile batzuk egongo dira bertan, eta tailerrak, jolasak eta ikuskizunak egingo dituzte. Aurreratu dutenez, Porrotx eta Zapotxin pailazoak ere bertan izango dira. Elizegik esan du «ondo pasatzeko» eguna izango dela hori: “Egun osoan umorea, alaitasuna eta ondo pasatzeko aukera edukiko dugu”.