Egoera geopolitikoaren berri emango dute Markina-Xemeinen
Leartibai Fundazioak martxoaren 12rako antolatu du jardunaldia Markina-Xemeinen. Egoera geopolitiko berriari buruzko mahai-ingurua osatuko dute Ainara Basurkok, Leire Mugerzak, eta Jaione Ganzarainek.
Leartibai Fundazioak industria arloko enpresei zuzendutako jardunaldia antolatu du eguenerako [martxoak 12] Markina-Xemeinen. Fundazioaren egoitzan bertan izango da jardunaldia, Berrikuntza Guneko Auditorioan, 15:00etan. Ekimena gaur egungo industrian egonezina sortzen duen gai bat jorratzeko helburuarekin antolatu da: Egoera geopolitiko barria eta honen eragina Industrian. 25.urteurreneko ospakizunean murgilduta dauden urte honetan hainbat ekintza egingo dituzte, eta hau industriari zuzendutako horietako bat izango da.
Mahai-ingurua oinarri. Leartibai Fundazioaren zuzendari nagusia den Ainhoa Arrizubieta Zabalak jardunaldia zabaldu eta ongietorria egingo die bertaratutakoei eta hizlariei. Niko Cuencari emango dio hitza, eta honek egoera geopolitiko berriaren gakoak azalduko ditu. Testuingurua azalduta, egoera geopolitikoari buruz eta honek industrian duen eraginari buruzko mahai-inguruan izango dira hiru aditu: Jaione Ganzarain, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, 2030 Industria Planaren inguruan arituko da; Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatuak 2040 Bizkaia Denontzat ekimenaren berri emango die entzuleei; eta Leire Mugerzak, Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorreko presidenteak, 2025-2028 Mondragoneko politika sozio-enpresariala jarriko du mahai gainean.
Hizlari lanak amaituta, Ainhoa Arrizubietak moderatzaile lanak egin eta hiru gai nagusi aipatuko ditu, hauek mahai-inguruan garatu daitezen. Talentuaren inguruan, trantsizio teknologiko eta digitalaren inguruan eta enpresen errotzearen inguruan arituko dira, beraz. Hau bukatutakoan emango zaio amaiera jardunaldiari.