Etxebizitza hutsei %50eko errekargua aplikatuko die Markina-Xemeingo Udalak
Ohiko bizilekua ez diren etxebizitza hutsei jarriko zaie errekargua. Udalak alegazioak aurkezteko epea zabaldu du apirilaren 7ra arte.
Markina-Xemeingo Udalak ohiko bizileku ez diren etxebizitza hutsei %50eko errekarguaren ezarpena iragarri du. Adierazi dutenez, etxebizitza batean urtarrilaren 1ean inor erroldatuta ez badago, ez da ohiko bizilekutzat hartuko. Etxebizitza hauek izango dira, beraz, % 50eko errekargua aplikatuko zaien ondasun higiezinak.
Udalak 2026ko urtarrilaren 1ean ohiko bizileku ez diren eta hutsik dauden etxebizitzen behin-behineko zerrenda argitaratu du, herritar guztien eskura egoteko, “denak jakinaren gainean egoteko eta dagozkion ondorioak izan ditzan”. Honekin batera, gainkargua ordaindu behar ez izateko arrazoiak ere argitaratu dituzte. Oinarri horiek Ondasun higiezinen gaineko zerga arautzen duen udal ordenantza fiskalaren 11. artikuluaren 6. puntuan ageri dira. Interesdunek hemen aurki ditzakete. Errekargu honen gaineko alegazioak aurkezteko epea apirilaren 7ra arte egongo da zabalik, eta udalaren sarrera erregistro orokorrean eta www.markina-xemein.eus egoitza elektronikoan egin daitezke.