Markagailua iraulita, Mugartegi eta Watkins final handira
Erika Mugartegik eta Frida Watkinsek Elaia Gogenolaren eta Eneritz Lizardiren aurkako partida hiru setetan irabazi dute, eta Euskotren Winter Series txapelkearen final handian egongo dira.
Erika Mugartegi eta Frida Watkins atzo, Ezkurdi pilotalekuan, Winter Series txapelketaren finalaurrekoan. Eraman Erika Mugartegi markina-xemeindarrak eta Frida Watkins zumaiarrak Euskotren Winter Series txapelketa irabazteko gai direla berretsi zuten atzo [martxoak 9], Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Hiru setetan menperatu zituzten Elaia Gogenola berriatuarra eta Eneritz Lizardi mutrikuarra, asko sufritu ostean, izan ere, partida zein berdinketa hausteko seta markagailuan atzetik zirela abiatu zituzten, eta partida iraultzeko gai zirela erakutsi zuten: 15-6, 8-15 eta 3-5. Datorren astean ezagutuko dituzte finaleko aurkariak: Helena Barrenetxea durangarra eta Arai Lejardi markina-xemeindarra Ihart Arakistain sopeloztarraren eta Maia Goikoetxea berriatuarraren aurka ariko dira.
Partida hasiera bikaina jokatu zuten Gogenolak eta Lizardik: bikote sendoa osatu eta elkarrekin asko hitz eginez, beraien jokoa egitea lortu zuten lehen jokoan, Mugartegi jokoz kanpo uztea bilatuz eta lortuz. Berriatuarrak eta mutrikuarrak Gogenolaren ekimenari eta Lizardiren segurtasunari esker izan zuten kontrolpean jokoa: 6-1 jarri ziren aurretik, eta 7-3ra hurbildu zitzaizkien aurkariak, baina tanto bat bestearen atzetik egitea lortu zuten eta 15-6koa ezarri zuten markagailuan.
Bigarren setean, baina, bestelako norabidea hartu zuen jokoak. Mugartegik pauso bat aurrera eman zuen, eta Watkins ere erosoago sentitu zen. Bina, hiruna, launa eta seina berdindu zuten, baina Mugartegiren indarrak eta beste bikoteak erasoan egindako hutsek markagailuan tartea irekitzea ahalbidetu zieten markina-xemeindarrari eta zumaiarrari (6-9, 7-10). Setaren amaierara arte zuzen-zuzenean joan ziren urdinak, neurketa azken setean erabakitzeko.
Tentsioz betetako azken bost tantoetan lehenak Gogenola eta Lizardirentzat izan ziren. 2-1ekoa Mugartegik ezarri zuen atzean, baina 3-1ekoa markina-xemeindarraren hutsa izan zen. Bat egin, bat galdu. Hala ere, markagailuan gerturatu ziren berriro, 3-2, eta ondoren ailegatu ziren moreen hiru huts egiteak: Gogenolak ezker pareta ukitu eta kontra-kantxara bidali zituen bi pilota, eta Lizardik sake errestoan huts egin zuen hurrengoa.

Atain eta Erkiaga, Ezkurdi pilotalekian, Ezkurdi Master Series txapelketaren finalaurrekoan.
Atainen estreinaldia.
Emakumeen Winterrarekin batera, gizonezkoen Liga profesionaleko seigarren txapelketa ari dira jokatzen Durangon: Ezkurdi Master Series txapelketa. Eta, Jai Alai Leagueko estreinaldia izan zen atzokoa Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarrarentzat. Erika Mugartegi arrebak egin legez, eta Aritz Erkiagagaz bikotea osatuta, hirugarren setean eskuratu zuen Atainek Ludovic Ladutxe eta Mikel Mantzisidorren aurkako garaipena: 12-15, 15-4, 5-2. Partida ona jokatu zuen Atainek, errebesez pilotari gogor joz eta eskunarekin eroso atzeratuz; seguru aritu zen.
Lehen seta Ladutxe eta Mantzirentzat izan zen: iazko Winter Series txapelketako txapeldunordeek elkarren arteko konexio ona erakutsi zuten, eta Erkiagari kosta egin zitzaion tantoak sartzen hastea. Getariko aurrelariak eta Mutrikuko atzelariak ondo babestu zuten kantxa, aurkariari zulo gutxi utziz eta defentsan lan ona eginez. Mantzik sekulako lana egin zuen lehen setean, seguru agertuz eta punpa-lasterrean ere ondo sartuz. Hala ere, tanto ederrak amaitu zituen Ladutxek: bote prontoa sartu eta txapa gainean moztuta sartu zuen bat, eta errebotean sartuta bi paretakoa bota zuen beste batean.
Baina, Erkiagak haginak zorroztu zituen, eta bigarren setean nahi ahala aritu zen, Atainen laguntzagaz tanto ederrak amaituz aurrean: 7-1ekoaren ostean, aurkariek ezin izan zuten euren jokoa berreskuratu, eta 15-4koa ezarri zuten markagailuan.
Hirugarren setean, Atainek berak egin zuen eskumaz lehenengo tantoa, eta horiek bina berdindu arren, ezin izan zuten tanto gehiago egin. Erkiagak itxi zuen partida, errebotean, albotik, pilotari indar handia eman eta tantoa eginda: 5-2.
Hurrengo astean ezagutuko dituzte, horiek ere, martxoaren 23ko aurkariak: Jean Dominique Olharan pauetarrak Jon Bullet Zabala edo Eñaut Urreisti eta Unai Lekerika.