Andra Mari jaietako Kuadrila Eguneko kontzertua aukeratzeko galdetegia zabaldu du Ondarroako Udalak
Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 15era [domeka] arte egongo da zabalik.
Ondarrako udal ordezkariak. Ondarroako Udala. Andra Mari jaietako Kuadrilla Eguneko [abuztuak 16] kontzertua herritarrek aukeratuko dute aurten, Ondarroako Udalak martxan jarritako prozesu parte hartzaile baten bitartez. Izan ere, udal ordezkariek zehaztu dutenez “herritarrak inplikatzeko” modua izan daiteke galdetegi bitartez kontzertu proposamenak bidaltzearena: “Beste herri batzuetan ondo funtzionatzen duen sistema dela ikusi dugu, herritarrak inplikatzen dituena, eta guk ere gurera ekartzea erabaki dugu”. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, parte hartze prozesu honekin parte hartzea sustatzea ez ezik, jaien antolaketan eta ideien ekarpenetan ere herritarrak erdigunean jartzea da udalaren helburua.
Ildo horretatik, iaz jaiak iragartzeko kartel irabazlearen aukeraketa ere herritarrek esku utzi zuen udalak, eta iazko erantzun ona ikusita, kontzertuekin ere berdina egingo dute aurten: “Batzordetik herritarrengana eraman genuen kartel irabazlearen aukeraketa, eta zuzeneko bozken bitartez herritarrak izan iren irabazlea aukeratu zutenak. Erantzun ona ikusita, aurten ere berdina egingo dugu, bai kartelarekin eta baita kontzertuarekin ere”.
Proposamenak, galdetegi bidez. Beraz, herritarrek udalak zabaldutako galdetegi bidez egingo dizkiote proposamenak udal ordezkariei: online zein paperean. Paperean entregatu nahi duenak Turismo Bulegora edo Erregistro Orokorrera joan beharko da, eta online bidez betetzeko udalak sare sozialetan zabaldutako galdetegia bete beharko da; biak ala biak martxoaren 15a baino lehen. “Herritar bakoitzak talde bat baino gehiago proposatu ditzake, baina proposamen bakoitzeko eskera orri bat bete beharko du”, nabarmendu dute udaletik.
Behin proposamenak jasota, udal gobernuak aztertu egingo ditu, eta irizpideak kontuan hartuz, onartuen eta ez onartuen sailkapena egingo du: “hizkuntz irizpideak, genero irizpideak, irizpide ekonomikoak, talde horrek iaz Ondarroan jo bazuen ala ez… Irizpide horiek aztertutakoan eta onartuen zerrenda dagoenean, bozketa zabalduko da, apirilean”.
Hala, udalak jarritako irizpide guztiak betetzen dituzten taldeen izenak argitaratuko dituzte udalaren ohiko komunikabideen bitartez, eta herritarrek bozkatzeko aukera izango dute: “Bozketa horren arabera sailkapen bat egingo da eta udalaren kultur saila talde horiek kontratatzen ahaleginduko da, hurrenez hurren, sailkapenaren arabera. Sailkapen hori herritarrei erakutsi egingo zaie, ikusteko zein hurrenkeratan egingo den kontratazio ahalegina”.
Ondarroako Udaletik jakinarazi dutenez, erantzun “oso ona” izan du hasieratik parte hartze prozesuak; izan ere, galdetegia zabaldu eta lehenengo ordurako 80 proposamen jaso zituzten. Hala ere, udaletik argi adierazi dute taldea kontratatzeko orduan “dena ez dagoela” beraien esku: “Ondarroako Udalak argi uti nahi du bozetako hurrenkeraren arabera ahaleginduko dela Kuadrilla Eguneko kontzertua kontratatzen, baina hori, taldearen agendaren araberakoa eta baldintza ekonomikoen araberako izango dela”.