Ispasterreko alkate ohia bilatzen ari dira, Mendexan lapak biltzera joan ondoren desagertu baita
Ertzaintza eta Itsasoko Gurutze Gorriak bilaketa-operazioa berrabiarazi dute Lekeitio eta Ondarroa arteko kostaldean Carlos Arrizubieta Ispasterko alkate ohia aurkitzeko.
Carlos Arrizubieta Ispasterko alkate ohiaren bila ari dira atzotik [martxoak 10]; Arrizubieta 2008 eta 2011 urteen bitartean izan zen alkate, eta 82 urte ditu gaur egun. Jakitera eman dutenez, atzo arroketara lapak biltzera joan ostean ez zen etxera itzuli, eta senideek desagerpena salatu zuten. 112ra desagerpena jakinarazi ostean, berehala aktibatutako bilaketa-dispositiboak, suhiltzaileen laguntzarekin, atzo gaueko lehen orduetara arte miatu zituen Lekeitio eta Ondarroa arteko itsaslabarrak eta kostaldea.
Gaur goizean [martxoak 11], itsasoaren baldintzak egokiak direla egiaztatu ondoren, erreskate-taldeek berriro ekin diote bilaketa-lanari, bai itsasoz bai lurrez.