Markina-Xemeingo Donejakue bideko aterpetxeak 6.154 erromes hartu zituen 2025ean
Gaur [martxoak 11] berriro ireki dute aterpetxea eta iaz %14,1eko beherakada izan zen gaua igaro zuten bisitarien kopuruan.
Gaur [martxoak 11] ireki du berriro atea Markina-Xemeingo Donejakue bideko aterpetxeak, erromes eta bidaiari berriak hartzeko prest. 2025ean, apiriletik azarora bitartean, guztira 6.154 lagunek igaro zuten gaua bertan, Donejakue bidea egiten ari zirela herritik pasatzean.
Datuen arabera, bisitarien artean 2.698 emakume eta 3.456 gizonezko izan ziren. Kopuru horrek aurreko urtearekin alderatuta beherakada erakusten du, izan ere 2024an 7.165 pertsona izan ziren aterpetxean gaua igaro zutenak. Horrenbestez, %14,1eko jaitsiera eman da urte batetik bestera.
Hala ere, udaleko arduradunek gogorarazi dute Markina-Xemeinetik igarotzen diren erromesak askoz gehiago direla. Donejakue bidea egiten duten askok herrian geldialdia egiten dute, baina beste ostatu edo alojamendu batzuk aukeratzen dituzte lo egiteko edo bidean jarraitzen dute gaua bertan igaro gabe.
Jatorriari dagokionez, erromes gehienak Espainiako Estatutik etorritakoak izan ziren, bereziki Katalunia, Madril eta Valentziatik. Nazioarteko bisitarien artean, berriz, Frantzia, Alemania eta Italia nabarmendu ziren.
Donejakue bideko aterpetxea berriro martxan jartzearekin batera, Markina-Xemeinek erromesei harrera egiteko prest jarraitzen du, herria bide historiko honetako geldialdi garrantzitsuenetako bat bihurtuz.