'Bate-batea, andrak!' dokumentala aurkeztuko du zapatuan Andrak Erramutan talde feministak
2025eko uztailean egindako Ondarroa-Bilbo-Ondarroa erronkak "emandako guztia" islatzen duen ikus-entzunezkoa estreinatuko dute zapatuan [martxoak 14] Ondarroako Kofradia Zaharrean. Bi saio egingo dituzte, eta bertan egongo dira Andrak Erramutan talde feministako kideak ere, ikusleekin beren bizipean partekatzeko.
Andrak Erramutan talde feministako kideak, eta ikus-entzunezkoa egin duten lan-taldea. Andrak Erramutan. Bate-batea, andrak! izenburupean ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute zapatuan [martxoak 14] Ondarroako Andrak Erramutan talde feministako kideek. Kofradia Zaharrean izango da estreinaldia, eta bi saio eskainiko dituzte: 18:00etan eta 19:00etan. Emanaldien ostean, ikusleekin galderak eta hausnarketak partekatzeko tartea hartuko dute taldeko kideek.
Taldeak egindako bigarren ikus-entzunezkoa da zapatuan aurkeztuko dutena. Lehen dokumentala Ondarroa-Donostia-Ondarroa erronkari buruzkoa izan zen, eta ikus-entzunezko komunikazio gradua ikasten ari zen ikasle talde baten sortu zuen. Lehenengo lanak erronkako egunen kronika jaso zuen batez ere, eta hainbat tokitan aurkeztu zuten taldeko kideek.
Oraingoan, berriz, talde teknikoa mantentzen bada ere, ikuspegia bestelako da. Dokumentalak 2025eko uztailean egindako Ondarroa-Bilbo-Ondarroa erronka du abiapuntu, baina erronka bera baino gehiago, ekimen horrek taldearentzat zer suposatzen duen azaltzen du: “Dokumentalak erronkak suposatzen diguna islatzen du, maila pertsonalean zein kolektiboan: zergatik egiten dugun, zer ikasi dugun, eta zer aldarrikatzen dugun. Kirol jarduera baten bueltan adineko emakumeak elkartzeak duen indarra nabarmendu nahi izan dugu, eta baita, horrek, zaintzan, gizartean, eta inguruan sortzen duen eragina ere. Aldi berean, atzean dagoen lan guztia erakusten du: entrenamenduak, antolakuntza, zaintza eta kontziliazio lana, eta nola ez, taldean egin dugun bidea”. Finean, taldeko kideen hitzetan, esperientzia pertsonalak eta ikuspegi feminista uztartuta, itsasoa hartzeak eta elkarrekin arraunean aritzeak taldearentzat duen esanahia islatzen du ikus-entzunezkoak.
Dokumentalaren izenburua ere ideia horretatik datorrela azpimarratu dute taldeko kideek: “Entrenamenduetan, uretan zein lehorrean, baita aisialdian ere, oinarrian dagoen ideia da elkarrekin goazela. Horregatik aukeratu dugu Bate-batea, andrak! izenburua, talde lanaren adierazlea baita”.
Bestalde, taldeak azaldu du aurten ez dutela aurreko urteetako moduko distantzia luzeko erronkarik egingo. Aurtengo erronka “barrura begirakoa” izango dela nabarmendu dute: “Taldea indartu eta zabaltzea izango da aurtengo erronka nagusia. Hala, ere, dagoeneko parte hartu dugu Orioko jaitsieran; estropada horretan traineru asko elkartzen dira, baina adineko emakumeak gutxitan ikusten dira. Beraz, erronka handia izan da. Horrez gain, beste erronkaren bat ere egingo dugu, baina aurreko bi urtetakoak baino xumeagoak”.
Aurrera begira, argi dute Andrak Erramutan talde feministak jarraipena izango duela: “Ez dakigu noraino helduko garen, baina hau ez da urte biko kontua. Bizirik dagoen proiektua da, eta bizirik mantenduko dugu, nahi dugulako eta beharrezkoa delako”.