Lea Artibain abiatu dute Innteract proiektua berrikuntza biomedikoa bultzatzeko
Markina-Xemeingo Leartiker zentroan aurkeztu dute egitasmoa, eta Ehun Ingeniaritzaren eta Medikuntza Birsortzailearen arloko berrikuntzak industriara hurbiltzea du helburu.
Innteract proiektua abiatu dute Lea Artibai eskualdean, berrikuntza biomedikoa bultzatzeko helburuarekin. Egitasmoa Interreg Poctefa Europako programak finantzatzen du, eta ikerketatik sortzen diren berrikuntzak industriara eramatea du xede nagusi, batez ere Ehun Ingeniaritzaren eta Medikuntza Birsortzailearen arloetan.
Proiektuaren abiarazte bilera otsailaren 2an egin zen Markina-Xemeingo Leartiker zentroan, eta bertan Espainiako eta Frantziako hamar erakundek parte hartu zuten. Besteak beste, zentro teknologikoak, unibertsitateak, ospitaleak, ETEak eta enpresa erakundeak daude partzuergoan. Leartiker da proiektuaren koordinatzailea.
Innteract proiektua 2025etik 2028ra garatuko da. Denbora horretan, ikerketetatik sortutako hiru gailu mediko berritzaile garatu eta baliozkotuko dituzte, etorkizunean merkatura iritsi daitezen. Horretarako, azterketa aurreklinikoak, erabilgarritasun azterketak eta transferentzia teknologikorako estrategiak landuko dituzte.
Gainera, proiektuaren barruan TissueNet izeneko sarea sortuko dute. Sare horrek mugaren bi aldeetako sektore biomedikoko eragile nagusiak konektatuko ditu, hala nola ikerketa taldeak, ospitaleak, zentro teknologikoak eta enpresak. Helburua da elkarlana handitzea eta berrikuntza azkarrago garatzea.
Proiektuaren sustatzaileek azpimarratu dute ekimenak gailu mediko berriak sortzen lagunduko duela, osasun arloko lankidetza indartuko duela eta eskualdeko ekosistema berritzailea sendotuko duela. Halaber, pazienteentzat, enpresentzat eta zentro klinikoentzat onurak ekartzea espero dute Poctefa eskualde osoan.