Ondarroako emakumeek 1936ko gerran jasandako errepresioa izango dute hizpide Etxelilan
Euskal Wikiemakumeok taldeak martxoaren 18rako [eguaztena] antolatutako mahainguruan hiru emakume errepresaliaturen senideek hartuko dute parte.
Ondarroako emakumeek 1936ko gerran jasandako errepresioari buruz arituko dira martxoaren 18an [eguaztena] Euskal Wikiemakumeok antolatutako mahai-inguruan. Hitzordua 18:30ean izango da, Etxelilan.
Ondarroako Wikiemakumeok taldeko kide batek udalerriko emakumeek gerra garaian jasandako errepresioari buruz sortutako Wikipediako orria izan da mahai-ingurua antolatzeko abiapuntua. Horretarako, besteak beste, Ondarroa aldizkarian argitaratutako artikuluak, Ahotsa.eus atarian jasotako testigantzak eta senideen bizipenak baliatu zituen. “Orrialdea egitean bertan bildutako informazioa herritarrei kontatzeko beharra ikusi genuen. Izan ere, mahai-inguruaren helburua Ondarroako emakumeen historia berreskuratu eta memoria historikoaren transmisioan sakontzea da”. Horretarako, 1936ko gerran errepresioa jasan zuten hiru emakumeren familiako kideak gonbidatu dituzte mahai-inguruan parte hartzera: Kristina Arantzamendu, Ikerne Alkorta eta Jabier Urrutxe.
Eguazteneko mahai-inguruagaz, antolatzaileek gerra garaian herrian gelditu ziren emakumeak jarri nahi dituzte lehen lerroan: “Normalean gerrako kontakizunetan gizonak agertzen dira lehen lerroan, frontean borrokan aritu zirelako, eta inoiz ez da kontatzen herrian gelditu ziren emakumeen jasan zuren errepresio gogorra: kartzela, umeak bakarrik hazteko ardura, herritik alde egin beharra edo ile mozketak bezalako umiliazioak”.
Beraz, familien bidez transmititutako kontakizunak eta artxiboetan jasotako informazioa uztartuta, Ondarroako historiaren zati bat herritarrei helarazi nahi diete antolatzaileek. “Helburua da, hain zuzen ere, askotan ikusezin geratu den emakumeen memoria berreskuratzea eta herriari itzultzea”.