Alain Suarezek irabazi du 45. San Gregorio saria
Gaur [martxoak 14] goizean lehiatu dute Euskaldun Kopako 45. San Gregorio saria Berriatuan. Arratsaldean 44. Aitxekutz saria lehiatuko dute.
Txirrindularitza izan da protagonista gaurkoan [martxoak 14] Berriatuan. Izan ere Berritxuko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, goizean, nagusi eta 23 azpiko kategoriako 45. San Gregorio saria-XI. Asier Aranceta memoriala lehiatu dute, eta arratsaldean, junior kategoriko txirrindularien txanda izan da, 44. Aitxekutz saria-XXV. Juan Luis ‘Kanterape’ memoriala lehiatzeko. Guztira 324 txirrindularik parte hartu dute bi lasterketetean, eta goizeko lasterketako irabazlea Alain Suarez Fernandez izan da.
Eguraldiak lagundu ez badu ere lasterketa “polita” izan dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Aurten ibilbidea aldatu dugu: Asterrikako igoera kendu eta Lekoizgainetik osatu dugu ibilbidea. Lekoizgainera arte txirrindulari guztiak batera joan dira baina bertan apurtu da lasterketa. Multzo txikiak egin dira, eta Mendexako igoerara heldu direnean nabarmendu da helmugara heldu den zortzikotea. Berriatuara bidean batera etorri dira zortziak, eta atzetik beste 10 izan dituzte; hala ere, atzeko hamarreko taldeak ez du aurreko zortzikoa harrapatu. Beraz, zortzi txirrindulari horien artean gelditu da lehia”. Hala, Alain Suarez Fernandezek irabazi du gaurkoa, eta atzetik heldu da helmugara Ekai Morras Huerta, bigarren saria lortuz. Hirugarrena, Segio Gutierrez Vargasek lortu du.Ā
Sari banaketaren ostean, omenaldi txiki bat egin diote zenbait herritarrei: “Azken urtean gure artetik joandakoak omendu nahi ditugu, herrian egindako lanagatik”.